Top Fighters txapelketaren barruan, hamalau borrokaldi igandean
Errenteria Top Fighters txapelketaren bosgarren ekitaldia antolatu du Kenthai Klubak iganderako—hilak 20—. Agustina Otaola pilotalekuak hartuko ditu borrokaldiak 17:00etan hasita.
Errenteria Top Fighters txapelketaren bosgarren ekitaldia antolatu du Kenthai Klubak iganderako—hilak 20—. Agustina Otaola pilotalekuak hartuko ditu borrokaldiak 17:00etan hasita. Ateen irekiera 16:00etan egingo dute, ordu horretatik aurrera sartu ahalko dira ikusleak, eta orduan zabalduko dute txarteldegia ere.
Gaur goizean eman ditu xehetasun guztiak klubeko arduradun eta ekitaldiaren antolatzailea den Alberto Lopezek. Ondoan izan ditu, halaber, txapelketan parte hartuko duten lau borrokalarietatik hiru: Urtzi Letamendia, Mai Linh Bu Montero, eta Anderson Batista. Leire Mazizior Kirol zinegotziak ere ez du hutsik egin gaurko agerraldian. Cesar Molina da txapelketan arituko den Kenthai klubeko laugarren borrokalaria.
Hamalau konbate izango dira denera, amateur eta profesional mailakoak, MMA —arte martzial mistoak— KickBoxing eta K1 diziplinetakoak. Aurten ere, oktogono edo kaiola barruan ariko dira borrokalariak. Nabarmen jarri du Lopezek, hiru borrokalditan emakumeak lehiatuko direla Kickboxing eta K1 profesional modalitateetan, eta bestetik, lehen aldiz jokatuko den Top Fighters Gerrikoa eskuratzeko lehian ariko dela Kenthai klubeko eta herriko borrokalaria den Molina.
Oktogono edo kaiola barruan diziplina horietan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan antolatzen den txapelketa bakarrenetakoa da Errenteria-Oreretak igandean hartuko duena, eta hura ikustera gerturatzera animatu ditu herritarrak Lopezek, “ikuskizun ikaragarria izango da, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu ikustera etortzera”. Esker ona, bestalde, udalari “erakutsitako babesagatik” baita laguntzaile guztiei ere, “eta nola ez, aurreko hiru ekitaldietan zein igandekoan pilotalekura gerturatu eta beteko duten herritarrei euren babesarengatik, ekitaldia urtetik urtera handiagoa egiteagatik”.
Jaialdiaren antolaketa “ilusioz” bizi dute antolatzaileek, “pozgarria da ikustea borrokalari kopurua hazten ari dela herrian baita arte martzialetarako zaletasuna ere. Ikustekoa da antolatzen ditugun ekitaldietan Errenteriako ikusleek nola erantzuten duten eta nola babesten dituzten borrokalariak”.
Maiatzeko irekia, arrakastatsua
Igandeko txapelketara deitu du Leire Mazizior Kirol zinegotziak, baina atzeraka begirada ere egin du, gogorarazteko Kenthai Klubak lehenengoz txapelketa irekia antolatu zuela pasa den maiatzean: “Top Fighter txapelketa profesional eta amateurrei begira dagoen bezala, txapelketa ireki hori hasi berri direnei begira antolatu zuen klubak. Kaiola barruan egin ordez, tatami gainean egin zuten Agustina Otaola frontoian, oso arrakastatsua izan zen”. Hori horrela, bi txapelketa ireki antolatzea aurreikusi du Khentai klubak 2025ean.
Ireki hori antolatzearen arrazoiak azaldu ditu Lopezek berak. esan duenez, ikasten aritzetik zuzen-zuzenean igarotzen dira borrokalariak oktogonora, “klubean entrenatzen egon eta bat-batean 1.000 pertsonen aurrean kaiolan sartzea gehiegitxo da”. Irekien bidez, trantsizio hori leunagoa izatea borrokalarientzat bilatu dute, “tatami batean egiten da, babesgarri guztiak soinean mina har ez dezaten eta denbora laburragoa egiten dute. Iazkoa arrakastatsua izan zen, ehundik gora borrokalarik parte hartu zuten. Klubean bost urteko haurrak ditugu MMA egiten, beraien kategoriara moldatuta eta iazko open horretan aritu zen 12 urteko bateren bat”.
Gero eta emakume gehiago
Kenthay klubak sei urteko ibilbidea du soinean eta Top Figther txapelketaren lehen ekitaldia antolatu zuenean bospasei borrokalari bazituen, gaur gaurkoz, 26 ditu, “Araba, Bizkai eta Gipuzkoan proiekzio handiena duen kluba gara gaur egun. Izan ere, guk borrokalariak prestatzeaz gain, txapelketak eta ekitaldian antolatzen dugu. Bertako borrokalariek urtean askotan lehiatzen dira, ez dira klubean entrenatzera mugatzen eta hori garrantzitsua da haientzat”.
Gero eta emakume gehiago ari direla gerturatzen arte martzialen mundu horretara azaldu du bere aldetik Mai Bu Monterok, “hala ere, errespetu gehiago ematen die borrokatzera igotzeak eta emakumeetan zaila da borrokak lotzea. Niri asko kosta zait nire pisu bereko beste emakume bat aurkitzea borrokarako. Biotako bat lesionatuz gero txapelketa aurretik, akabo, borrokaldi hori bertan behera gelditu ohi da, ez dagoelako ordezkorik. Hala ere, gero eta emakume gehiago ari gara, eta pozgarria da hori”.
Horren harira, emakumeen presentzia bermatzea ezinbestekoa dela euren klubarentzat esan du Lopezek.
Txapelketari begira zailena zer den ere aipatu dute oktogono barruan lehian ariko diren hiru borrokalariek. Hala, kolpeak direla “zailena” eta lesioak saihestea esan du Letamendik, “horiek izanda ere entrenatzen jarraitzea zaila da”. Bide beretik egin du Bu Monterok, “nahiz eta mina hartu kolpeak kontrolatzen asmatzea. oso nekatuta gaude, gainera”.
Prestaketaren alderdirik zailena Batistarentzat gorputzak ezarritako entrenamendu martxari erantzutea da, “nahi adina entrenatzea duzu, baina elikadura egokia eta elikadura-osagarriak ere oso garrantzitsuak dira prozesu horretan. Ez badatoz bat eta ez badira egokiak lesioak datoz”. Oreka hori mantentzea zaila dela esan dute hirurek, baina aldagai bat gehiago ere aipatu du Lopezek, zailtasunen zaku horretarako, “lana eta entrenamenduak uztartzea. Zortzi ordu lan egin eta egunero-egunero ordu eta erdiz edo bi orduz gogor entrenatzera etortzea exijentea da oso. Baita dieta bera ere, pisu egokian izateko”.
Igandean asko izango dira inguruetako herrietatik gerturatuko direnak txapelketa ikustera, “ez baitago inguruan halakorik, eta Errenteria erreferente bilakatu da”. Horrenbestez, gerturatuko diren horiei guztiei deia egin die Maziziorrek garraio publikoa erabil dezaten, “trena, topoa, edota autobusa dituzte eskura, eta horrela aparkatzeko arazoak saihestuko dituzte”.
Sarrerak Iratxo tabernan, Traxx Estetika zentroan eta Kenthai klubean bertan eskuratu daitezke 25 euroan. Sarrerak harmaila zein aulkirako balio dute.