Nokari lekua egin nahi diote berriro Ttur-ttur elkartekoek
Nokaren erabilera sustatu nahi du Ttur-tturrek, eta ikastaro bat antolatu dute horretarako. Saioak hilaren 24ean hasiko dira, eta hilaren 21a (astelehena) izango da izena emateko azken eguna.
Badira urte batzuk Oiartzunen hikaren lanketa egiten hasi zirela; bost zehazki. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak bi ikastarorekin hasi zuen ibilbide hori; ikastaro orokor batekin, eta gazteei zuzendutako beste batekin. Urtero antolatu dituzte horrelako saioak orduz geroztik. Itsaso Aldai Ttur-tturreko kide da, eta kontatu du hasierako urteetan jende dezentek eman zuela izena. Halaber, bi taldetan banatu behar izan zituzten parte hartzaileak. “Ikusi genuen hikarekiko interesa bazegoela, nahiz eta herrian sumatzen dugun hikaren erabilera geroz eta urriagoa dela”.
Hikalaguna iniziatiba antolatu zuten gero, eta ikastetxeetan ere hasi ziren ikastaroak ematen. “Noka askok jaso izan dugun arren, hika baino askoz gutxiago erabiltzen dela sumatu genuen; oso arrotza egiten zaigu noka. Ohituta gaude kalean ‘ze esatek’ edo tira, mutilen arteko hika hori entzutera. Banuen gogoa nokari indar berezia emateko”.
Iazko ikastaroan, alabaina, ez zen horrenbeste jende apuntatu, eta egoera ikusita nokaren aldeko apustua egin dute aurten. Bereziki emakumeei luzatu diete gonbidapena, baina edozein inguratu daitekeela azaldu du Aldaik. “Interesa piztu nahi dugu”.
Hilaren 24tik azaroaren 28ra izango da ikastaroa, eta sei saio egingo dituzte; bat astean. 18:00etan hasi eta ordu eta erdiko iraupena izango duten eskolak kiroldegiko bilera gelan emango dituzte Pili eta Irene Lizasok. Aldaik, herrian hikari dagokionean emakume erreferente gisa deskribatu ditu Lizaso ahizpak. Ikastaro praktikoa da antolatu dutena; Oiartzungo noka landuko dute, baina adiera informalean sakonduko dute batez ere. “Zerotik hasteko ikastaroa da, beldurrik gabe joatekoa”, dio Ttur-ttureko kideak.
Ezjakintasuna da hutsune nagusia
Euskal Herrian, orokorki, hikaren lanketa berriz ere lekua hartzen ari dela edo behintzat, gaia mugitzen hasi dela dio antolakuntzakoak. Hala, nokari dagokionean, esan du herri askotan mugimendu feministetatik abiatu dela haren lanketa, “bereziki nokarena”, eta gehitu du ikuspuntu berri bat eman zaiola. “Behintzat beste modu batera planteatu da”.
Nokak, elkarrizketa batean murgilduta daudenen artean konplizitatea eta gertutasuna sortzen dituela azaldu du Aldaik; eta ildo horretatik, emakume eta feministentzat ahalduntzeko tresna bat izan daitekeela uste du.
Hala eta guztiz ere, nokaren ingurukoak ez dira denak albiste onak: “Oiartzunen hutsune handi bat dago nokari dagokionean; oso erreferente gutxi izan ditugu. Familia askotan ez da transmititu izan. Neskari, alabari, ez zaio nokan egin, baina semeari hikaz bai”.
Noka [eta hika] ez egiteko arrazoi nagusia ezjakintasuna dela sinistuta dago euskaltzaleon bilguneko kidea; horregatik uste du ikastaro bat egitea dela lehen pausua. Ikastaroan izena emateko 943 26 01 82 telefono zenbakira deitu edo oiartzun@ttuttur.eus-era idatzi behar da.