Gerrak eten ditzatela eskatzeko kalejira, ostiralean
Gerrarik Ez! plataformak eta GOT Grupo Oarso Taldeak deitu du kalejira, 18:30ean Herriko Plazatik abiatuta.
Munduak bizi duen gerra “giro zitalarekin” kezkatuta daude, eta ez daude, gainera, begira gelditzeko prest. Gerrarik ez! plataformak eta GOT Grupo Oarso Taldeak kalejira antolatu dute ostiralean, “munduak bizi duen gerra giro zitalari aurre egiteko asmoz”.
Ukrainia, Palestina, Yemen, Sahara, Libano aipatu dituzte, eta gaineratu ez dutela nahi gerrarik ezta genozidiorik, ez horietan, ezta beste inon ere: “Bakea aldarrikatzen dugu, justizian eta autodeterminazioaren eskubidearen errespetuan oinarritutako bakea”.
Egoeraren “gordintasuna” nabarmen jarri dute, halaber, “atzera bueltarik gabeko egoerara eraman gaitzakete bloke militar desberdinek, haien arteko tentsioa areagotzen ari da eta mundua pikutara bidal dezakete”.
Hori horrela, Oarsoaldeko lau udalerrietako herritarrak kalejira antimilitaristara deitu dituzte.