Palestinaren alde plazara
Gernika Palestina Herri Ekimenak deituta, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan.
Latza eta egunetik egunera gordinagoa, horrelakoa da egoera Palestinan. Israelek Paletinaren kontra inoizko erasorik bortitzena hasi zuenetik urtebete pasa denean, gatazka konponbidetik urruti, eta gero eta larriagoa dela salatu du Gernika Palestina Herri dinamikak. Horren harira, elkarretaratzera deitu du Euskal Herriko 178 herritan.
Herri horietako bat da Errenteria-Orereta. Herriko plaza izango da Palestinari arnasa eman nahi dion protestaren agertokia gaur 19:00etan. Bakea, Justizia, Itxaropena lelopean, herritar denak deitu dituzte bertaratzera.
Palestinak bizi duen egoera salatuko dute, bizi duen genozidioa lehen lerroan jarri, hura bukatzeko exijituz. Israelen inpunitatea erdi-erdian jarriko dute, baita nazioarteari ekitea dagokiola hartutako erabakiak betearaziz.
Aldarrien artean gaurko protestan, su etena eta negoziazioa zabaltzea, Palestinako Estatua aitortuta, “garbiketa etnikoa gelditzeko eskatuko dugu”. Sindikatu gehienek, hamarka eragilek, eta hainbat alderdi politikok egin dute bat gaurko elkarretaratzeekin.
Antolatzaileek herritar guztiak deitu dituzte bat egitera Palestinak bizi duen muturreko egoera salatu eta haren bukaera galdegiteko.