Bertso Bira, adinekoen egoitzetara
Errenteria-Oreretako, Oiartzungo eta Lezoko adinekoen egoitzetan bertso saioak egingo dituzte Bertso Biraren barruan.
Bertsolaritza, bertsolariak eta bertsoak alegia, adinekoen egoitzetan. Bertso Bira egitasmoaren muina da hori. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren ekimenez, aurten ere Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bertso saioak egingo dituzte, bederatzigarren urtez. “Egitasmoaren helburua da bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea, euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako batekin”, adierazi du aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak.
Urriaren 28tik, Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan 30 saio egingo dira Bertso Biraren barruan, horietatik hiru Oarsoaldekoetan. “Saio hauek, entretenimendua eskaintzeaz gin. musikaren eta bertsoen bidez oroitzapenak eta bizipenak aktibatzen laguntzen dute, eta hori oso onuragarria da egoitzetako erabiltzaileen ongizate emozionalerako eta kognitiborako”, zehaztu du Peñak. Saio bakoitzean, eta ahal denean, eskualde bereko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartuko dute parte; 34 bertsolarik, guztira.
Saioak ez dira bertsolarien tartera mugatzen. Horien aurretik, egoitzetako animazio eta dinamizazio langileek aurretik lanketa egiten dute, besteak beste abesti herrikoiekin eta bertso zaharrekin. Horrela, aurrelan horren bidez bertsolarien parte hartze aktiboa susta daiteke, eta ikusleen eta artisten arteko lotura indartzen da.
Azken urteotan izan duen arrakastatsu joan da iniziatiba, eta gero eta egoitza gehiago dira saio hauetan parte hartzen dutenak. Peña: “Bertsolaritzaren potentzial terapeutiko eta ludikoa azpimarratzekoa da. Musikak eta bertsoek ez dute soilik adinekoen memoria aktibatzen, baizik eta haien arteko interakzio soziala ere sustatzen dute”.
Honakoak dira Oarsoaldeko egoitzetan izango diren hiru saioak:
- Hilaren 30ean (asteazkena), Errenteria-Oreretako Jesusen Bihotza egoitzan (17:00), Andoni Egañaren eta Amaia Iturriotzen saioa.
- Azaroaren 5ean (asteartea), Lezoko eguneko zentroan (11:00), Beñat Gaztelumendiren eta Eli Pagolaren saioa.
- Azaroaren 11n (astelehena), Oiartzungo Petra Lekuona egoitzan (17:00), Alaia Martin eta Jon Martin oiartzuarren saioa.