Vespekin hasi, eta patata tortillekin bukatu
Betizutik eta Belarrak taldeek indarrak batu, eta egun goxoa antolatu dute biharko. Goizez Vespa motorrek jarriko dute giroa, eta arratsaldez arrautzen eta pataten arteko fusioak.
Goizean Vespa motorrak, eta arratsaldean patata tortillak. Egun berezia antolatu dute Betizutik elkarteak eta Belarrak motorzaleen taldeak biharko (larunbata). 09:30ean Itzel kafetegian Vespen eta motor klasikoen topaketa egingo dute, ondoren errepidea hartu eta 14:00ak aldera herrira bueltatzeko. Kike tabernan bazkaldu (tiketak han erosi behar dira, 16 euroan), bazkalosteko jokoez gozatu, eta patata tortilla txapelketaren txanda iritsiko da 19:00etan (izen emateak Itzelen eta Kiken). Bukatzeko, 20:30ak inguruan, bi osagai horien (edo baten batek tipula jartzen badu, hiruen) fusioa nork egin duen hoberen erabaki, sariak eman, eta afarirako txanda egindako arrautza eta patata opiltxoekin, nahiz jarrita dauden suak baliatuz egin daitezkeenekin. Arratsaldekoak Lopeneko Lope Isasti plazan izango dira, espazio hori herritarrentzako konkistatuko dute beste behin.
Patata tortilla txapelketa Santakrutzetan egin ohi dutela azaldu du Betizutik-eko Tere Machok. Baina aurten iraileko festetako egitarauko jarduera kopurua, erabilgarri zeuden egunetarako gehiegi zelakoan, hortik ateratzea erabaki zuten. «Tira, hasiera batean ez egitea ere pentsatu genuen. Baina jendeak animatu, eta orain egitea erabaki dugu», aitortu du. Lope Isasti toki atsegin eta ez oso ezaguna dela adierazi du Machok, «baina oso gustura izaten gara han. Giro berezia sortzen da». Sagardoa udalaren esku geldituko da.
Denen gustuko gauzak egiten saiatzen dira Lezoko elkartekoak. Oraingoan, Belarrako motorzaleak dituzte konplize, «gustu ezberdinetako jendea biltzen saiatzen gara egiten ditugun jardueretan, eta elkarlanean bada, hobe». Patata tortilla txapelketaren seigarren ekitaldia da biharkoa, eta iazkoa Ainara-Aitor bikoak irabazi zuen. Nork hartuko du haien lekukoa? Gutxienez, ea eguraldiak laguntzen duen.