Prozesu berria antolatu du LGTBI+ Pertsonen Ahalduntzerako Espazioak
Desira agerian: presentzia deserosoak, bizitza gozagarriak du izena prozesuak, eta helburua du parte hartzaileak konektatzea euren indarra eta gaitasunarekin.
LGTBI+ Pertsonak Ahalduntzeko Espazioak talde prozesua antolatu du, azaroaren 7an hasi eta abenduaren 5era arte. Desira agerian: presentzia deserosoak, bizitza gozagarriak du izena prozesuak, eta helburua du parte hartzaileak konektatzea euren indarra eta gaitasunarekin. Sortu egin nahi dute Zaurgarritasunerako zein borrokarako barne espazioa zein espazio kolektiboa, partaideak sentiarazteko egungo, iraganeko eta etorkizuneko komunitate baten parte. Ageda Blasco Egiak gidatuko du prozesua.
Bost saioko talde esperientzia izango da, eta ostegunero elkartuko dira Joxepa Antoni Aranberri anitzenean 18:30etik 20:30era.
Zabalik da izen ematea, azaroaren 4ra arte. Interesdunek mezua bidali behar dute posta elektronikora (klikatu hemen) azaroaren 4a baino lehen.
Iaztik da martxan Errenteria-Oreretako LGTBI+ Pertsonak Ahalduntzeko Espazioa. LGTBI+ pertsonak eta haien hurbilekoak ahaldundu, genero aniztasunaren gaineko informazioa, orientazioa, aholkularitza eta akonpainamendua eskaintzen ditu espazio horrek.
Udalak gogorarazi du, bestalde, espazioak eskaintzen duen banakako arreta zerbitzua martxan dela, bi asteartean behin. Hitzordua eskatzeko, posta elektronikora idatzi (klik hemen) edo 943 44 95 76 telefono zenbakira deitu behar da.