Bi milioi eurotik gora urtero, "herri berdinzale, bizi, eraginkor eta euskalduna" sustatzeko
Oiartzungo udalbatzak Diru laguntzen Plan Estrategikoa onartu du aste honetan. Urtero bi milioi eurotik gora emango dituzte laguntzetan, herriko eragileek borondatez egiten duten lana "babesteko" asmoz.
Plenoa izan zen joan den asteazkenean Oiartzungo udaletxean. Hartutako erabakien artean, datozen hiru urteetarako Diru laguntzen Plan Estrategikoa onartu zuten, aho batez, 2025etik 2027ra indarrean egongo dena. Udaleko iturrien arabera, “herri berdinzalea, bizia, eraginkorra eta euskalduna izateko egitasmoak laguntzeko” bidea izango da plan berri hori, finean, “oiartzuarren eta eragileen parte hartzea sustatzeko tresna”.
Bi milioi eurotik gora banatuko dituzte urtero, hori aurreikusi du udalak. Udal aurrekontuaren %10 baino gehiago suposatzen du kopuru horrek. Herriko eragileek borondatez egiten duten lana “babestea” du helburu udalak plan berri honekin. Zenbat eta eragile gehiago egon, diru partida handiagoa izango dela iragarri dute.
Diru laguntza hauek hamar helburu estrategikotan banatu dituzte, honakoak: garapen ekonomiko eraginkorra eta enpleguaren sustapena (63.000 euro); hezkuntza parekidean berrikuntza hauspotzea (458.700 euro); euskararen erabilera eta ezagutza indartzea (312.600 euro); kultur ekitaldiak antolatu eta herriko ondarea berreskuratzea (620.800 euro); ingurumena zaindu eta lehen sektorea sendotzea (104.000 euro); oiartzuar guztien ongizatea bermatzea (388.500 euro); gazteen aisialdirako ekintzak bultzatzen dituzten herriko eragileentzat laguntza (6.000 euro), sail honetan, diru laguntzen lerrotik aparte, udalak beregain hartzen ditu ludoteka, udalekuak eta gazte topalekua; herritar aktiboak eta osasuntsuak hazi eta kirolaren bitartez oiartzuarren ongizatea bermatzea (152.300 euro); ikuspegi feminista bultzatzen duten herriko eragileen ekintzak laguntzea (7.000 euro); eta bizikidetza sustatu eta Oiartzunen egon diren giza eskubideen urraketa ikertzea (15.000 euro).
Onartutako plan hau “gardentasuna eta objektibitatea bermatzeko” adostu dutela gaineratu dute udaleko iturriek, “diru publikoaren banaketan berdintasuna bermatzeko”. Zabalduko duten deialdi bakoitzean parte hartzeko oinarriak eta irizpideak zehaztu eta argitaratuko dituzte.
Plana jendaurrean jarri dute jada, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udalaren webgunean. Orain, 30 eguneko epea zabaldu dute, alegazioak aurkezteko.