Velascoko BOEetako bizilagunek gaur jasoko dituzte giltzak
Esleipendunei giltzak emateko ebazpena formalizatu du udalak gaur, hortaz, gaurtik aurrera Esnabide kaleko 10 eta 12 zenbakietan dauden bi atari horietan bizitzen hasi ahal izango dira.
San Pedroko Velasco inguruan eraiki dituzten babes ofizialeko 39 etxebizitzak prest dira. Gaur esleipendunei giltzak emateko ebazpena formalizatu du udalak, hortaz, gaurtik aurrera Esnabide kaleko 10 eta 12 zenbakietan dauden bi atari horietan bizitzen hasi ahal izango dira. Honekin, udalak dio “fase giltzarri bat bukatuko” dela “herrian etxebizitza babestuak garatzeko eta herritarrek etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetzeko”.
1986an edo geroago jaiotako gazteei zuzendutako bi logelako 19 etxebizitza ditu eraikinak, eta hiru logelako 12. Etxebizitza egokitu bat ere egin dute, mugikortasun urriko pertsonentzat. “Eskaintza dibertsifikatua ziurtatuz”, zazpi etxebizitza erreserbatu dira 196 baino lehen jaiotako pasaitarrentzat.
Eraikin berri hau Esnabideko 14, 16, 18, 20, 22, 24 eta 26 zenbakietan daudenei gehituko zaie, “eremua biziberrituz eta pasaitarrentzat espazio moderno eta irisgarri gisa sendotuz”, udaleko iturrien arabera.
Hobariak
Azken berri hau probestuz, udalak gogorazi du 2025erako etxebizitza eskuratzeko neurri berriak iragarri dituela, tartean, Bizigune eta ASAP programetan sartzen diren etxebizitza hutsentzat %50eko hobaria Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Etxe huts horiek “herritarrentzako bizitegi baliabide berri” bihurtu nahi ditu udal gobernuak.
Ildo horretan, herria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko urratsak ere egiten ari dela iragarri du udalak, besteak beste, alokairu prezioa murriztu edo etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko asmoz. Horri esker, Pasaiak espekulazioa kontrolatzeko eta etxebizitza eskuratzeko baldintzak hobetzeko “tresna gehiago” izango dituela erantsi dute udal iturriek.
Bukatzeko, etxebizitza publiko eta eskuragarriak sustatzeko konpromisoa “indartu” duela erantsi dute, “gazteek eta familiek beren etorkizuna ingurune bizigarriago eta modernoago batean proiektatu ahal izatea erraztuz”.