Amillubi proiektua, Lezon
Proiektu agroekologikoak zehaztu eta horien ibilbide sozioekonomikoa bermatzen du egitasmoak. Ostiralean aurkeztuko dute Lezon.
Amillubi proiektua ezagutarazteko aukera izango dute lezoarren ostiralean (hilaren 8an). Egitasmoaren gaineko aurkezpena egingo da lehenik Kultura Aretoan (18:30), eta ondoren Txerrimuñora lekualdatuko dute jarduera han pintxo-poteaz eta jarduera kulturalaz gozatzeko (20:00).
Amillubi proiektua Biolur elkarteak sustatzen du. Biolur Gipuzkoako elkartea da, 1993an sortu zen, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatu eta bultzatzeko. Herritar eta ekoizleek osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Biolurren xede nagusia, elkarlanean eta lankidetza ezberdinak eraikiz, nekazaritza eta abeltzaintza agroekologikoa eta iraunkorraren bidez lurraren epe luzeko emankortasuna bermatzea, jendartearentzako elikagai osasuntsuak sortzea eta landa inguru eta herri biziak eta duinak sustatzea da.
“Urte hauetan landutako lankidetza bideari esker Amillubiko Talde Eragilea sortu dugu”, zehaztu dute Biolurreko kideek: “Bertan parte hartzen dugu Biolurreko hainbat kide baserritar eta ekoizlek, herritarrak eta eragileak. Talde eragile honek Amillubin garatuko diren proiektu agroekologikoak zehaztu, ibilbide sozioekonomikoa jorratu eta arlo komunikatiboa lantzen ditu”.