Nomada Jaialdiak gaur hasiko du bidea Errenteria-Oreretan
Kultura parte hartzaile eta inklusiboa sustatzea du helburu Emaus Gizarte Fundazioak antolatzen duen jaialdiak. Bigarren ekitaldia, gaur hasiko da, Errenteria-Oreretan.
Nomada Jaialdiaren bigarren ekitaldia aurkeztu dute gaur Lekuona Fabrikan. Emaus Gizarte Fundazioak antolatutako jaialdiaren bidez, kultura parte hartzaile eta inklusiboa sustatzea dute helburu, eta gaurtik hasita, bederatzi egunez—hilaren 6tik 15era— zinema, musika, dantza, antzerki eta muralismo diziplinetan, gizarte bazterketa egoeran edota izateko arriskuan dauden pertsonek hainbat artistekin elkarlanean egindako sorkuntzez gozatzeko aukera izango da.
Abiapuntua, Errenteria-Orereta izango du Nomadak Jaialdiaren bigarrenak. Hala ere, beste hiru herrietara ere eramango dute jaialdia; Derio, Arrasate, eta Irunera, hain zuzen ere.
Aitziber Zubillaga Emaus Fundazioaren zuzendariak esan du garrantzitsua dela jaialdiaren barruan ikusiko dena, “baina are garrantzitsuagoa da honaino heltzeko egin dugun prozesuan. Finean, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin eta lau herri horietako kultur eragileekin lanketak egin dira, eta lanketak egitetik harago parte hartu dutenen artean begirada aldaketa bat egitea zaurgarritasun egoeraren inguruan, nolabait, komunitate inklusibo, kohesionatuago, eta justuagoak eraikitzen laguntzeko”.
Hala, jorratu diren kultur diziplinak tresnak izan dira begirada eta kultura hori eraldatzeko Zubillagaren hitzetan, “helburua fundazio gisa, administrazioa, kultur eragileak eta zaurgarritasun egoeran aurkitzen diren pertsonen artean zubiak eraikitzea eta begirada aldatzea ez soilik programa hau gauzatzeko, baizik eta etorkizunari begira jada parte hartzen dutenek beste modu batean lan egin dezaten”.
Jaialdiaren geltokietako bat izango delako eskerrak eman dizkio Emaus Fundazioari Aizpea Otaegi alkateak. Kultura begirada kritikoa eraikitzeko tresna garrantzitsua dela jarri du nabarmen, “etorkizun hobeak, justuak eraikitzeko ere, eta aldi berean ezinbesteko elementu kohesionatzailea”. Hala kohesionatzailea den eta mundu justuagoa bat eraikitzera bideratuta dagoen edozein proiektua estrategikoa dela Errenteria-Oreretarentzat gaineratu du alkateak.
Enrique J. Ramos Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko aholkulariak hartu du hitza azkenik. Datu bat eman du berak, Nomada bezalako iniziatibak “oso interesgarriak” direla esan ondotik: “Lanean ari den pertsona kopururik handiena dugu gaur-gaurkoz EAEn; 1.021.000 lagun ari dira lanean, baina 100.000 dira langabeak. Azken horietatik kopuru garrantzitsu bat lan merkatura sartzeko saiakeran ari diren gazteak dira, eta beste zati bat, pertsona helduak dira. Zatirik handiena, baina, 80.000 pertsona inguru ez laneratzeko zein gizarteratzea arazoa dute”. Nomada Jaialdiaren antzeko iniziatibak, beraz, “ezinbesteko” jo ditu, “ikuspuntu ezberdina bat ematen dutelako, eta instituzioei ere beste ikuskera bat ezartzen laguntzen digutelako. Horren harira, kultura ezinbestekoa da lan politikak bultzatzeko, tradizionalak mantenduz eta berriak gehituz”.
Artea eta Kultura gizartea eraldatzeko motor izango dituen jaialdiaren protagonistak ere izango dira agerraldian. Esteban Garaialde Fernandez da horietako bat, eta berak Beraungo Aldakoenea eraikinak hartu duen erakusketako bost argazkiren egilea da. Jaialdian parte hartzeagatik “pozik” azaldu da: “oso garrantzitsua da argazkilaritzarako ate bat zabaldu didalako. Ongi moldatzen naiz argazkigintzan, oso pozik nago emaitzarekin”.
Bere buruari egin dizkio argazkiak ispilua baliatuta Garaialdek, eta bere gelaren beste hainbat argazki egin ditu. Bost argazki eraman ditu erakusketara, “ilusio handia egin dit parte hartzeak. Halako proiektuek garrantzia handia dute guretzako”.
Joseba Parron da argazkilaritza taldean parte hartu duten hamar pertsonekin elkarlanean aritu den artista. Prozesua nola joan den kontatu dio HITZAri hark. “Uda partean, duela hiru hilabete hasi ginen lanean, eta eskuko telefonoen bidez argazkiak egiteko teknika landu dugu, hura hobetzeko eta sakontzeko bakoitzak bere barne begirada landu zezan”.
Argazkilari ezberdinen lana ere aztertu dutela lanketa horren parte gisa jarri du nabarmen, halaber. HAmar lagun aritu dira, eta prozesua “oso atsegina” izan dela esan du, “oso jende abegikorra da eta interes handia erakutsi du. Arritu nau argazkilaritza berrienaren inguruan agertu duten interesa”.
Erakusketara denera zazpi lagunen argazkiak bildu dituztela azaldu du argazkilariak, “batzuk hiru argazki, eta beste batzuk hamar eraman dituzte erakusketara”. Erakusketa ikustera joateko arrazoi bat ere eman du Parronek: “Benetan argazkilaritza erakusketa ona da”.
Lau geldialdi herrian, jaialdiaren bueltan
Errenteria-Oreretaren kasuan lau diziplina ezberdinetan oinarritutako lau ekintza programatu ditu Nomadak jaialdiaren bigarren ekitaldiak. Gaurtik, hilaren 9ra Joseba Parronen gidaritzapean ondu duten Barne Begiradak argazkigintza erakusketa izango da Beraungo Aldakoenea eraikinean. Historiak errebelatzen dituzten argazkiak dira. Zenbait parte hartzailek ikuspegi bakar eta esperimentalarekin atzemandako irudien erakusketa da, aurpegia edo gorputza erakutsi beharrean, objektuak, paisaiak, eta horiek irudikatzen dituzten beste elementu batzuk esploratzen dituzte, hausnarketa sustatuz.
Gaur bertan izango da beste geldialdia jaialdiaren barruan, kasu honetan, Dantzarekin lotuta Niesssen Kulturgunean 18:30etik 20:00etara. Etxerako bidearen bila ikuskizuna taularatuko dute DAB bitartekaritzarekin egina. Emaus Gizarte Fundazioko gizarte zerbitzuei lotutako pertsonen emozio eta bizipenetan oinarritutako koreografia kolaboratiboa da. Proiektuan Itsaso Navarro artista musikalak, eta Eli Pagola,. Maider Arregi eta Oihana Arana bertsolariek hartu dute parte. Koreografiarekin batera, DAB Easo Abesbatzaren Nun Zira obra ikusi ahalko da, eta ondoren, Radio Rebelde taldeko Nagore Fernandezek gidatutako solasaldia egingo dute. Saioan gainera, Emaitz Murua izango da, Xenpelar Bertso Eskolako kidea.
Hirugarren hitzordua, hilaren 9an, larunbatarekin izango da Koldo Mitxelena herri ikastetxeko jolastoki estalian. Tailerrak egingo dituzte bertan 11:00etatik 13:30era. Hala, kartoizko fanzineak sortuko dituzte, Ane Zaldibarrek gidatuta; jostailuen ospitalea zaharberritzeko tailerra Kroma artisau elkartearekin; Tratu onen arpillera joste terapia ArakneLabekin; eta Botikin Nomada erremedioak modu grafikoan jasoko dituen tresna artistikoa Grigriren eskutik.
Azken geldialdia, hilaren 15ean. Mahai Ingurua antolatu dute Lekuona Fabtikan 18:30ean. Parte hartze komunitariotik kultura sortuz izenburupean ariko dira kultura eskubideez artaziak, kultura justizia gizarte eraldaketarako Monique Leivas, tratu onen arpillera Araknelab, eta Botikin bat nire hirirako iniziatibako Grigri.