21 irteerako lasterketa
09:30ean jasoko du Behobiak lehen irteera, eta azkena, berriz, 11:35ean. Ikusleek hainbat orduz goza dezakete errepide ertzetik lasterketaz.
Jakina da Behobia-Donostiaren irteera antolatzea zaila dela. Aurten iaz baino 3.000 partaide gutxiago izango badira ere, horrelako jende multzoa behar bezala antolatzea konplikatua da. Horregatik, modalitateen eta denbora helburuen arabera antolatzen da Behobiako hasiera, pilaketak nolabait ekiditeko.
Hala, igandean irteten lehenak handbiketan eta gurpildun aulkietan lehian izango direnak dira, 09:30erako ezarri dute haien abiatzeko ordua. Ondoren, 09:35ean, roller kirolarien txanda iritsiko da. Denbora tarte baten ondoren, korrikalarien 19 irteeren aroa hasiko da: markarik onena egiteko asmoa dutenen (dortsal horikoak dira) irteera 10:00etan izango da, eta hortik aurrea multzoka hasiko dira lasterka 27.000 partaideak.
Horien ondoren zenbaki moredunak (10:01), berdea dutenak (10:03), eta traza gorria dutenak hasiko dira (10:06). Handik aurrera multzo jendetsuagoen txandak iritsiko dira: dortsal urdinen hiru irteera 10:14etik aurrera, laranjen lau (10:34etik), eta zurien zazpiak, 10:50ean hasi eta 11:35eraino luzatuko direnak: zurien irteera horietan osotara 10.000 bat korrikalari batuko dira.
Goizetik eguerdira arte
Irteerak horiek izanda, Irungo Kolonen hasieratik lasterketa ikusiko duen herritar bat ia bi orduz egon daiteke errepide ertzean animoak ematen. Ibilbideak aurrera egin ahala, tarte hori dezente handi daiteke. Antxon, adibidez, lau ordu pasatxo egon daitezke ikusleak lasterketaz gozatzen.