Gozogintza lantegi berria zabaldu du Gureak Zerbitzuakek Masti-Loidin
Aniztasun funtzionala duten 38 pertsona ari dira lanean 2.200 metro kuadroko lantegi berrian.
Lantegi berria du Gureak Zerbitzuakek. Masti-Loidi industriagunean kokatuta dago, eta aniztasun funtzionala duten 38 pertsona ari dira bertan lanean; horietatik 25 laguntza premia handiena dutenak dira, adimen desgaitasuna eta buruko gaixotasuna dutenak Gureak Enpresakek jakinarazi duenez.
Gozogintzara begirako lantegia da, 2.200 metro koadrokoa, eta elikagaien sektorearen aldeko apustua indartzera datorrela zehaztu dute arduradunek: “Sektorean erreferente diren enpresekin egindako aliantzen bidez, desgaitasuna duten pertsonentzako gizarte eta lan garapenerako aukera gehiago eta hobeak sortzea lortzen du Gureak Zerbitzuakek”.
Lantegi berriarekin aurrera urratsa egin dutela zehaztu dute, “bezero bakoitzaren beharrei modu lehiakorrean hobeto erantzuteko diseinatutako espazio batekin”. Laura Cuesta Ostalaritza arduradunak datuak eman ditu: “Ogiberrirentzat 17.000 madalena egiten ari gara egunean, eta horiek haien dendetan, Eroskin eta BM supermerkatuetan saltzen dira”.
Obradore berriari esker zailtasun gehien dituzten pertsonei zuzendutako lan eskaintzak zabaldu egin direla nabarmendu du Cuestak, bestalde, “aukera egonkor eta egokituak”.
Ogiberriz gain, Robin Good da obradorearen bezero nagusietako bat; gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzako lana sortzen du Kataluniako enpresa horrek. Bi solairutan banatuta dago enpresa berria: beheko solairuan lehengaien biltegiak, elaborazio eta labealdi eremua, garbiketa eta desinfekzio gela, eskaeren karga eta deskarga, eta produktuak paketatzeko eremuak daude; lehenengo solairuan, berriz, kartoi eta produktu bukatuen biltegia, aldagelak, jangela, erabilera anitzeko eta prestakuntzako gelak daude. I+G Ikerkuntza eta Garapenerako gune bat ere badu, hainbat zaporeko produktu sorta handitzeko, baita gaileta osasungarri, gazi eta abarren lerro bat garatzeko ere Cuestak azaldu duenez.
1.500 pertsonatik gorako taldea ari da Gureak Zerbitzuaken barruan lanean, eta Gipzukoako enpresa zein erakundeentzako zerbitzuen kudeaketa integrala egiten du. Hainbat arlotan ditu jarduerak gaur egun: elikadura, garbiketa, lorezaintza, eta zerbitzu estazioetan, besteak beste. Gureak taldearen dibisioetako bat da Zerbitzuak, eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen dituela azaldu dute arduradunek: “Gaur egun, 6000 pertsona baino gehiagok osatzen dute Gureak taldea, eta horietatik %83k desgaitasunen bat du. Talde sendoa eta dibertsifikatua da, eta industriaren, zerbitzuen, datuen kudeaketaren, informazioaren eta komunikazioen sektoreetan lan egiten du batez ere”.