La Basu eta Nikotina Zintzilik Irratiaren denboraldiaren aurkezpen jaialdian
Hilaren 16an egingo du irrati libreak denboraldiaren aurkezpen jaialdia Niessen Kulturgunean.
Zintzilik Irratiaren 40. urteurrenaren barruan antolatutako ekintzen artean denboraldi berriaren aurkezpena ondu du irrati libreak. Hilaren 16an izango da Niessen Kulturgunean eta sarrerak 12 euroan izango dira salgai—eskudirutan baino ez dute onartuko ordainketa—.
MJ Krash giroa berotzen izango da 20:15etik aurrera, ordu laurden aurretik zabalduko dituzte ateak, eta programazioaren aurkezpenean, berriz, Txintxetilla eta Ilargi ariko dira. Kontzertua ere antolatu dute, eta 21:30etik aurrera La Basuren Rap doinuak eta Nikotinaren Hip hopa izango dira nagusi auditorioan.
Denboraldi berrian irrati librearen parrilla osatuko duten programen aurkezpena egingo dute umorezko formatuan, eta taberna eta irratiko postua izango dira material berriarekin.
Zintzilik Irratiak kolaboratzera animatu ditu herritarrak, halaber, “bertaratu, kontzertuez gozatu eta denboraldi berezi honetan zehar, gure bide lagun izan”.