"Gure koloreekin helmuga zeharkatzeko", Gure Eskuren biserak
Gure Eskuk biserak banatuko ditu Behobia-Donostian, Sagues inguruan. "Herri libre batean", euskal selekzioaren aldarria egin nahi dute.
Gure Eskuk Behobia-Donostia lasterketa baliatuko du Euskal Herriak “herri libre izan behar duela” aldarrikatzeko, eta hala euskal selekzioen beharra nabarmentzeko. Lasterketan bertako eta mundu osotik etorritako milaka lasterkari eta ikusle izango direla baliatu nahi dute “herri bat garela” esateko, eta “etorkizuna libreki erabaki nahi duen zazpi lurraldez osaturiko herri bat”. Hala, Donostiako Sagues inguruan, parte hartzaileei biserak emango dizkiete, ikurrina eta Gurea euskal selekzioa. Herri libre bat leloa dutela.
Iniziatibaren berri emateko Malen Osarekin bideoa egin du Gure Eskuk (behean). Goi mailako kirolaria da Osa, batez ere mendiko lasterketetan nabarmentzen dena. Hark ere Behobia-Donostiako helmuga bisera buruan zeharkatuko du.
Aldi berean, Gure Eskuren zuzendaritzako kide Beñat Sarasolak biseren ekintzaren, nahiz beste hainbat gairen gaineko informazio emanez eta gogoeta eginez iritzi artikulua bidali du hedabideetara. Esteka hau baliatu iritzi horretara iristeko.