Gaztain Egunerako gaztaina bila Antxon
Hilaren 16an egingo du Papineko Gazteriak aurtengo Gaztain Eguna. Horri begira, gaztainak biltzeko irteera antolatu du iganderako.
Hilaren 16rako prestatu du Antxoko Papineko Gazteria mugimenduak 2024ko Gaztain Eguna. Prestatu baino, prestaketa bidean da. Izan ere gaztainei lotutako eguna izanik (ekitaldi gehiago daude, beheko zerrendan horiek), gaztainak ezinbesteko osagai dira. Bada horien bila joateko irteera antolatu dute barrutiko gazteek iganderako (hilaren 10erako) 11:00etan Lizeo Txikitik abiatuta. Bertan izena emateko Whatsapp taldea sortu dute; horrekin bat egiteko eskaneatu ondoko QR kodea.
Osagaiz betetakoa izango da hilaren 16ko Gaztain Eguna. Egun osoko festa izango da pilotarekin, bertso bazkariarekin, gaztaina erreekin eta musikarekin. Papinek Pasaiako Udalaren Kirol Sailaren laguntzarekin ondu ahal izan ditu egun horretako ekitaldiak.
12:00etan hasita, Ibaiondo pilotalekuak profesionalen binakako bi eskuzko pilota partida jasoko ditu, emakumeenak eta gizonenak. Emakumeenean Zabaleta-Mendizabal bikotea, Arrillaga eta Zabalaren kontra ariko da; gizonenean, berriz, Bengoetxea VI-Urruzola bikoteak, Santxori eta Lizeagari egingo dio aurre.
Pilotakadez ase ondoren, bazkarirako tartea. Bertso bazkarirako zehazki. Izan ere, Biteri plazan ezarriko den karpan Oihana Iguaran, Haritz Casabal eta Sustrai Colina bertsolariek otordua girotuko dute. 14:30ean hasiko da bazkaria, ondoko menuarekin: hasierakoak, oilasko paella (aukera beganoa dago), browniea eta edatekoak.
Arratsaldean, pilota gehiago Ibaiondon. Kasu honetan pala modalitatekoa, eta herriko kirolariak protagonista izango dituena. Izan ere San Fermin Jaietako Papineko txapelketako irabazleek (Gaitonek eta Crespok), Axular txapelketaren irabazleekin (Torres eta Edu) nor baino nor jokatuko dutelako Antxoko palaren nagusitasuna nork duen erabakitzeko. 18:00etan hasiko da lehia hori.
Palakadak eta gero, gaztainen txanda. Igandean jasotako gaztainen erretzea eta banaketa egingo dute 19:30etik aurrera Biterin. Horren ondoren, 22:30ak aldera, 3ttu taldeak erromeriaz girotuko du barrutiko gaua.
Goizeko pilota partiden sarreren prezioa 3 eurokoa da; alta, partida horien eta bazkariaren txartel bateratua erosi nahi bada, 10 euro ordaindu behar dituzte aukera horren alde egiten dutenek. Bertso bazkariaren tiketa soilik hartu nahi izanez gero, 8 euroko prezioa dute horiek. Mimos, Kamio eta Izadi tabernetan eskura daitezke tiketak.