Boluntarioak, ezinbesteko zutabe antolakuntzan
Behobia-Donostiak urtero milaka lasterkari biltzen baditu ere, hura egitea ezinezkoa litzateke elkarte eta eragileen lanik gabe. Horietako asko Oarso-Bidasokoak dira.
Behobia-Donostia lasterketak Oarso-Bidasoan, Euskal Herrian eta mundu mailan dituen sona eta oihartzuna ukaezinak dira. Ikusi besterik ez dago milaka eta milaka lasterkarik betetzen dutela Behobia eta Donostiako bulebarra lotzen dituen errepidea, horietako asko munduko hainbat txokotatik etorriak gainera. Urtero azkar batean bukatzen dira antolakuntzak parte hartzaileen eskura jartzen dituen dortsalak. Aurten, esaterako, 27.000 izango dira 59. Behobia-Donostian aterako diren kirolari ausartak. Hala ere, ikusten dena ikaragarria izan arren, tamaina horretako lasterketa bat ez da ezerezetik sortzen, lan handia dago atzean hura egikaritzeko, eta askotan ikusezina den eginkizun hori gauzatzeko boluntarioen lana berebizikoa bihurtzen da.
Behobia-Donostian hainbat dira boluntario gisa lanean aritzen diren elkarte eta eragileak. Horietako asko, gainera, Oarso-Bidasokoak dira. Aurten, lasterkariek Mindara Elkartea, Bidasoa Atletiko Taldea, Santiagotarrak, Errenteria Atletiko Taldea, Pasaia Kayak, Bidasoa XXI, Mariño, Hibaika Arraun Elkartea, Bizarain Ikastola eta Boveda Konpartsa izango dituzte bidelagun, lasterketaren iturriek jakinarazi dutenez. Hitza Bidasoa XXI igeriketa taldeko Javier Igiñiz kirol zuzendariarekin eta Hibaika Arraun Elkarteko Aitor Alkorta kidearekin bildu da, haien testigantzak jasotzeko. Bi kirol taldeek lasterketarekin zerikusia duten esperientziak kontatu dituzte.
Bi kirol elkarteak anoa postuetan izango dira lasterkariak edariz hornitzeko. Bidasoko kluba lehen anoa gunean izango da, Irungo Kolon pasealekuan, ura banatzen. Oarsoaldeko elkartea, aldiz, laugarren puntuan kokatuko da, korrikalariei ura eta edari isotonikoak emateko. Laugarren anoa gunea Oiartzungo Makarraztegi poligonoan dago kokatuta. Gune hori Lanbarren poligonoa pasata dago, eta Hibaikak bi postu izango ditu, ibilgailuen kontzesionarioen azpian.
Bidasoa XXIek eta Hibaikak hamar urte inguru daramatzate Behobia-Donostian parte hartzen, eta 40 pertsona inguru mobilizatuko dituzte lasterketaren egunean. Igeriketa taldeak klubeko kideekin hartuko du parte. Horrez gain, Atzegi elkartekoen laguntza ere izango dute. Atzegikoak sarritan joaten dira igerilekura, eta harremana dute Bidasoa XXIeko kideekin, eta lasterketaren egunean bi elkarteak batera ariko dira korrikalariei ura banatzen. Atzegi Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen arteko elkartea da. Hibaikaren kasuan, adin eta klubaren barruko hainbat mailatako lagunak bilduko ditu Makarraztegin izango dituzten bi postuetan: harrobiko arraunlariak, gurasoak edota entrenatzaileak.
Elkarteak, lanerako prest
Javier Igiñizek jakinarazi du Behobia-Donostiaren antolatzaile den Fortuna Kirol Elkartearekin duten harremanagatik hasi zirela lasterketan parte hartzen. Fortunak, Bidasoa XXIek bezala, igeriketako sekzioa du, eta aspalditik ezagutzen dute elkar. Haiek proposatu zieten bidasoarrei boluntario gisa aritzea, eta erronka onartuta, hamar urte inguru daramatzate zeregin horretan.
Bidasoa XXIek klubeko kideekin hartuko du parte lasterketaren egunean. Igerilari horietako asko gazteak dira, eta «formazio aldetik interesgarria» iruditu zitzaien Behobia-Donostian aritzea, gazteek txikitatik ikus dezaten zer dagoen antolakuntzaren atzean: «Interesgarria iruditzen zaigu kirolariek ere atzetik dagoena ikustea. Honako jarduera interesgarria da horretarako, klubeko gazteek txikitatik ikus dezaten atzetik dagoena, alor horretan ere inplika daitezen». Izan ere, Igiñizek adierazi du klubetan «geroz eta inplikazio gutxiago» dagoela, eta horren ondorioz, boluntarioak topatzea zail bilakatzen ari dela: «Nahi duguna da kide gazteak txikitatik laguntzea eta inplikatzea; ez bakarrik beren lehiaketetan, baizik eta besteenetan ere bai».
Igeriketak eta atletismoak zerikusirik ez badute ere, Bidasoa XXI eta Fortuna kirolaren munduak lotzen dituela zehaztu du Igiñizek, eta kluben arteko elkartasun hori ere garrantzitsua dela iritzi du igeriketa taldeko kirol zuzendariak.
Bestalde, Aitor Alkortak baietsi du Behobia-Donostia aitzakia ona dela Hibaikako partaide guztiak bildu eta euren harremana sendotu eta indartzeko. «Askotan zailtasunak izaten ditugu elkarrekin egoteko, eta Behobia bezalako momentuekin aukera daukagu biltzeko», esan du Hibaikako kideak. Errenteria-Oreretako arraun elkartea klubeko arraunlari, guraso eta entrenatzaileekin izango da errepide bazterrean.
Talde barruko batasuna sustatzeaz gain, Alkortak adierazi du arlo ekonomikoa eta soziala ere zutabe garrantzitsu direla lasterketaren zurrunbiloan murgiltzeko. Esparru sozialari erreparatuz, Hibaikako kideak nabarmendu du kanpora begira interesgarria dela Behobia-Donostian izatea, haien jarduna ikusarazten laguntzen baitu: «Behobia interesgarria da jendeak kanpotik ikus gaitzan. Gu kirolaren mundutik gatoz, eta gure arloa kirola denez, Behobian izatea ere interesatzen zaigu. Lasterketa hau baliabide bat da beste kirolek ere ikus dezaten arrauna zer den». Igiñezek esan bezala, Alkortak ere zehaztu du kirol taldeen arteko elkartasuna funtsezkoa dela: «Askotan bakoitzak bere zilborrari begiratzen dio soilik, bere kirolari erreparatzen dio bakarrik. Behobiaren bidez erakusten dugu gu ere laguntzeko prest gaudela. Ondo dago egoera horiek ikustea eta ikusaraztea».
Behobia-Donostian lanerako biltzen badira ere, zeregin hori «oso betegarria» dela aitortu du Igiñizek, eta boluntariotza lan horretan jarraitzea gustatuko litzaioke Bidasoa XXI taldeko kirol zuzendariari. Horrez gain, lasterketaren egunean dituzten egitekoak zeintzuk diren kontatu du. Igeriketa taldeko kideak lehen anoa postuan kokatuko dira Kolon pasealekuan, Mariño futbol taldearekin batera. Goizeko lehen orduan joaten dira bertara gunea muntatzera. Eremua prest dutenean, edalontziak urez betetzen dituzte, lasterkariek har ditzaten. Azkenik, goiz osoa guneaz arduratu eta lasterkari guztiak pasa ondoren, postua desmuntatu eta jasotzen dute.
Eduki honen babeslea: