Errepide ertzekoak ere Behobia-Donostia direlako
Korrikalarien festa da Behobia-Donostia. Baina haien alboan milaka dira errepide ertzetik babesa eta animoak ematen dizkietenak.
Lasterkarien festa da Behobia-Donostia. Baina baita zaleena ere. Etziko irteeran 27.000 pasatxo kirolari izango dira. Baina askoz gehiago izango dira errepide ertzean kolorea jartzen, kirolariak babesten, edo ezagun nahiz senideak animatzen izaten direnak. Oarso-Bidasoko herritar askorentzat ohitura da azaroko bigarren igandeetako goizean errepidera joan, eta Behobia-Donostiako lasterkari, roller kirolari, eta handbike nahiz gurpildun aulkietako lehiakideei garrasi eta oihu egitea, bultzada emateko.
Jarraian, etzi errepidean izango direnen artetik sei testigantza bildu ditu HITZAk. Honakoak haiek esandakoak:
Amalur Arbelaitz. Oiartzun.
Aurten Behobian ateratzekoa nintzen, baina orain dela hilabete bat orkatila bihurritu nuen eta hortxe nabil, saiakeran. Ziur aski beste aldetik ikusi beharko dut lasterketa igandean. Normalean ikusle gisa joaten naiz. Beste kirol maila batean ibiltzen naiz, eta korrika 20 kilometro egiteko prestaketa berezia beharko nuke, zaila da. Pare bat aldiz egin dut Behobia, arantza hori kenduta dut.
Ikusle bezala ere oso berezia da lasterketa. Gurpildun aulkikoak, patinetan doazenak, korrika… Hunkigarria da oso. Den-denek sekulako meritua dute.
Normalean Gaintxurizketatik ikusten dugu, etzi hara joango gara. Malda koskor horrek bere xarma dauka. Une gogorrenetako bat da eta hor lasterkariek animo bereziak behar dituzte. Asko animatzekoa naiz, oihuka ibiltzen naiz. Amalur dagoen lekuan builarik ez da faltako. Pentatloi bat egiten dudanean ondoan «aupa» bat sumatzeak indarrak ematen dizkizu. Nik bezala, lasterkariek ere asko eskertzen dutela uste dut.
Mikel Olaskoaga. Errenteria-Orereta.
2021ean egin nuen azkenekoz Behobia. Nire 20.ena izan zen. 2022an istripu bat izan nuen eta ordutik ukituta nago. Zerbait egiten dut, baina horrelako lasterketa handi bati aurre egiteko ez naiz gai gaur egun.
Igandean beste aldetik bizituko dut lasterketa berriro. Urtero joaten naiz, ohitura handia dugu familian. Jende ezagun asko ateratzen da, eta jendeak bultzadatxo hori behar du. Behobian ateratzen nintzenean oso-oso garrantzitsua izaten zen hori, hauspo hori jasotzea. Indarrak ematen dizkizu. Oreretan ikusten dugu normalean. Askok diote zatirik ederrenetako bat dela, eta hala dela berretsi dezaket. Familian pasatzeko eguna izango da igandekoa, modu batean ala bestean, gozatzekoa. Oso ezberdina da barrutik edo kanpotik bizitzea, baina biak dira bereziak.
Pena handia dut ezin dudalako parte hartu, baina lekukoa pasatzea tokatzen da orain. Edonor animatuko nuke Behobian parte hartzera, zalantzarik gabe.
Itziar Jauregi. Pasaia.
Urtero ateratzen naiz errepidera, Antxoko Nafarroa etorbidera Behobia-Donostia ikustera. Txikitan ahizparekin eta aitarekin portura joaten nintzen lasterketakoak animatzera, baina ibilbidea aldatu zutenetik, errazagoa da errepidera joan, eta denbora luzez bertan izatea bata eta bestea animatuz. Nire bi semeak eta iloba ere nirekin izaten dira, baita gurasoak eta senarra ere. Giro oso berezia sortzen da Antxon.
Ahizpa ateratzen da Behobian. Azken urteetan erbi lanak egin ditu, eta aurten ere zeregin horretan izango da. Haren zain izaten naiz batez ere, urduri noiz etorriko zain, eta Antxotik pasatzen denean ea ikusiko dudan jakin nahian. Egia esan, nik hura ikusi baino, hark gu ikusten gaitu, diotenez lasterketa barruan daudenek hobeto ikusten dituztelako ikusleak, ikusleek lasterkariak baino.
Saiatzen naiz korrikalari guztiak animatzen, baina batez ere azken postuetan eta leher eginda izaten diren horiei egiten diet oihu.
Sara Mariezkurrena. Irun.
Familiarekin urtero egiten dugun zerbait da Behobia-Donostia ikustea. Lehen Behobian bizi ginen, eta betidanik hasiera ikusi dugu. Orain, nahiz eta Irun erdialdean bizi, errepidera ateratzen gara kirolariak pasatzen direnean horiek animatzera. Ohitura hori dugu.
Urtero ezagunak izaten dira lasterketan. Baina duela bizpahiru urtetik kuadrillako kide bat ateratzen da, hortaz, jende guztiaren artetik hura bilatzen saiatzen naiz animoak emateko. Edonola ere, ezagun asko ere izaten dira lasterketan eta saiatzen naiz denak babesten. Gu bezala, inguruko jende asko jaisten da animoak ematera. Lasterketa ez da korrikalariena bakarrik den zerbait; haien eta ikusleen arteko elkartze hori nabarmendu behar da, fenomeno hori oso berezia da.
Baina jendea animatuko nuke, haientzat horrelako lasterketa bat egitea helburu bat bada, entrenatu eta egin dezatela, eta ez bakarrik marka bat lortzeko. Esperientziak merezi duela uste dut.
Itsaso Arruti. Lezo.
Urtero joaten naiz lasterketa errepidetik ikustera. Ohitura dut familiarekin edo lagunekin lasterketaz gozatzeko. Gaintxurizketan bizi naizenez, hango biribilgunean jartzen naiz. Lehen, lasterketa Lezoko erdigunetik pasatzen zenean, lagunak-eta elkartzen ginen, hurbil-hurbil genuelako lasterketa. Orain ez da herrigunetik pasatzen, eta beste era batera bizi dut lasterketa, desberdin.
Beti dago ezagunen bat parte hartzaileen artean, Lezokoren bat edo lagunen bat. Animatzea oso gustuko dut, iruditzen zaidalako meritu handia dutelako parte hartzen dutenek, eta oso ondo pasatzeaz gain laguntzen diedala iruditzen zait. Dortsalean korrikalarien izenak agertzen direnez, saiatzen naiz haien izenekin ematen animoak.
Korri egitea gustuko izan arren, ez dut inoiz ere pentsatu izena ematea. Jende gehiegi ateratzen dela uste dut. Hau da, ikustea gustuko dut, baina ez dut inbidiarik sentitzen lasterkariak nire albotik pasatzean.
Maialen Elosua. Hondarribia.
Familian ohitura dugu Behobia-Donostia ikusteko. Aitak askotan egin du eta oraindik ere ateratzen da, baita osaba eta lehengusuak ere. Haiek Behobiakoak dira, eta maitasun berezia diote lasterketari. Familian zerbait garrantzitsua dela esan daiteke, egutegian beti markatuta izaten dugu asteburu hau. Familiakoak nahiz beste korrikalari guztiak animatzera ateratzen gara. Aurten, zehazki, aita eta lehengusu pare bat aterako dira, baita ezagun eta lagunak ere.
Gaintxurizketako igoera hasi baino lehenago jartzen gara, Irungo suhiltzaileen inguruan. Jakiten dugu gutxi gorabehera noiz pasako diren senideak; gertatu izan zaigu tokira iritsi eta pasa izana, baina normalean ondo kalkulatzen dugu haien erritmoa. Batez ere edaria ematen diegu, gorako bide horretan laguntzeko. Amarekin izaten naiz errepide bazterrean.
Korrikalariak bultzatzen dituzte gure animoek, eta eskertzen dute. Bi norantzako animo giroa sortzen da.
Eduki honen babeslea: