Palestinari elkartasuna adierazteko deialdia
Behobia-Donostia lasterketaren harira, Palestinako banderekin Gabierrotako biribilgune parera gerturatzeko deia egin du Orereta Palestinarekin herri dinamikak.
Igandean 59. ekitaldia egingo du Behobia-Donostia lasterketak eta 7.700 partaiderekin inoizko ediziorik gazteena izango da. Agertoki jendetsu hori baliatuko du Orereta Palestinarekin herri dinamikak Palestinaren aldeko elkartasuna lau haizetara zabaltzeko.
Gabierrota auzoko biribilgune parera deitu du dinamikak hilaren 10ean, 10:15etik aurrera. Gainera, Palestinako banderak eta ikurrak eramateko eskatu du, elkartasun hori ageri-agerikoa egiteko. Iaz ere egin zuen Orereta Palestinarekin taldeak deialdia Palestinaren alde; Kaputxinoetako biribilgunera doan maldan izan ziren orduan, eta lasterkari asko-askoren txaloak jaso zituzten.
Ez da eremu horretan izango den elkartasun erakustaldi bakarra. Gabierrotako auzo elkarteak antolatuta, Aita Mariren aldeko diru bilketa solidarioa egingo dute, Mediterraneo Itsasoa irudikatuko duen olana urdin erraldoia zabalduta lurrean. Migratzaileen errealitatea lehen lerroan jarri nahi dute urtero hutsik egin gabe errepikatzen duten ekintza solidario horren bidez.
Orereta Palestinarekin Herri dinamikak herritar guztiak deitu ditu parte hartu eta Palestinako herriari elkartasuna adieraztera.