Etxera Lasterketa Herrikoia, salbuespen legeei begira
7/2014 legearen erreformagatik Joanes Larretxea preso oiartzuarrari Frantziako espetxean pasatako 6 urteak kontutan hartuko dizkiote, baina 7/2003 salbuespen legeak bete betean eragiten jarraitzen dio. Hilaren 31n izango da lasterketa, eta izen emateak abenduaren 29ra arte zabalik.
Gaur goizean agerraldia egin du Oiartzungo Sarek, eta abenduaren 31ko urteroko Etxera Lasterketa Herrikoia aurkezteaz gain, salbuespen legediak izan dituzte hizpide. Izan ere, orain hilabete onartu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak 7/2014 legediaren erreforma, eta Sarek “oso positibotzat” jo du erreforma hori.
Etxera etorrita, Oarso Bidasoan erreforma hori aplikatuko zaien bost presoetako bat da Joanes Larretxea euskal preso oiartzuarra. Hala, Frantzian espetxean betetako sei urteak aintzat hartuko dizkiote Larretxeari eta dagoeneko kartzelan pasatako 15 urteak kontabilizatuta lituzke. Izan ere, hilaren 11n bete berri ditu 15 urte espetxean oiartzuarrak.
Dena den, beste hainbat salbuespen lege indarberritzeke daudela salatu dute, hala nola, 7/2003 legea. Lege honen ondorioz euskal preso politikoek espetxean bete beharreko gehienezko zigorra 40 urtetara igo dute, eta lege honen bukaera eskatzeko irtengo dira datorren hilaren 31n, Etxera Lasterketa Herrikoian.
Izan ere, 7/2003 legak bete betean eragiten dio Larretxeari. Kondena 30 urteko balitz, kondenaren erdia beteta luke oiartzuarrak eta hirugarren gradua eskatzeko eskubidea izango luke. Baina 7/2003 salbuespen legearen ondorioz, 40 urteko espetxe zigorra dauka Larretxeak, eta beraz, kondenaren laurdena luke beteta. Hargatik, kalera irteteko baimen konkretu batzuk ditu, eta hirugarren gradua eskatzeko bidea oraindik ez dago zabalik.
Salbuespen legedi guztiak baliogabetuta, “behin betiko etxerako bidean” egoteko bidearen bukaera ikusten hasiko dira. Atzera begira jarri dira eta korapiloak “nahi baino mantsoago eta beranduago” askatu badira ere, oraindik aldarrietan tinko dago Sare eta “aurrera” doazela ziur dira.
Lasterketa
Abenduaren 31n egingo da 6,5 kilometro izango dituen lasterketa herrikoia. Urtea aldarrikapenekin bukatzea izango du helburu eta horretarako korrikalarientzat ez ezik, denentzako jaia, jatekoa eta musika eskainiko dituzte herriko plazan.
Lasterketaren egunaren hasieran, izena emateko azken aukera egongo da, 09:30etatik 10:15etara, eta momentu horretan dortsalak jaso beharko dira ere. Aurretik inskripzioa egiteko aukera ere egongo da, gaur bertatik (hilak 10) abenduaren 29ra arte herri krosaren webgunean, Miren tabernan, txokolategian edo kiroldegian. Dortsalaren prezioa 10 eurokoa da eta egunean bertan egiten duenak 15 euro ordaindu beharko ditu.
Adin txikikoek ere online eman ahalko dute izena abenduaren 26an, herri krosaren orrialdean baita ere eta gurasoen baimen orria aurretik beteta. Bestela, egunean bertan herriko plazan izena emateko aukera ere egongo da. Zalantzak argitzeko honako helbide elektronikoa ahalbidetu dute.
Haurren lasterketa 10:30ean abiatuko da, eta herri lasterketa, berriz, 11:00etan. Behin bi ekitaldiak bukatuta, sari banaketa egingo dute.