Jendetza barruan zein kanpoan, Errenteria-Oreretan
Gabierrotan, Zumardian, Alabergan, zein Kaputxinoetako biribilgune inguruan jende andana izan da animatzen.
Jendetza izan da Behobia-Donostia lasterketaren 59. ekitaldian; 27.722 lasterkarik hartu dute parte lasterketa entzutetsuan, eta horietatik, 8.716 emakumeak izan dira. Pozgarria, azken datu hori zalantzarik gabe, erakusten baitu errepidean ere gero eta emakume gehiago ari direla lasterka, parekidetasuna oraindik orain urrun bada ere. Aurtengoa ere, inoizko Behobia-Donostiarik gazteena ere izan da, antolatzaileek zehaztu dutenez.
Lasterkari mordoa Behobia-Donostiarekin gozatzen 59. ekitaldian—tarteka ere sufritu badute ere— eta ikusleak ere dozenaka eta dozenaka herrian barrena korrikalariak animatzeko eta batzuetan falta zaien hauspoa emateko. Gabierrotan, Zumardian, Alabergan, zein Kaputxinoetako biribilgune inguruan jende andana izan da animatzen. Eguraldiak, euria iragarria bazegoen ere, planak aldatu eta jator portatu da; tantarik ere ez du bota, freskotik goizean goiz, eta korrikarako aparteko.
Korrikalari batek baino gehiagok eskertu du bide bazterretik jasotako animo uholdea.
Elkartasunerako espazioak ere ez du hutsik egin aurten. Gabierrotako biribilgunearen ondoan olana urdina zabaldu du Gabierrotako auzo elkarteak Aita Marirentzat diru bilketa solidarioa egiteko. Puntu berean, Palestinaren aldeko aldarria egin du Orereta Palestinarekin herri dinamikak banderekin. Lasterketak Errenteria-Oreretan barrena egindako ibilbidea Palestinako bandera txikiz bete dute, gainera.
Ondokoak, lasterketak Errenteria-Oreretan utzi dituen irudietako batzuk.
Errenteria-Oreretan lasterketak utzitako irudiak ikusteko (1.700) egin klik hemen.