Poesia Kaiaren laugarrena, hilaren 14an eta 16an
Hilaren 14an eta 16an poesia eta musika uztartzen dituen jaialdiaren laugarren ekitaldia egingo da Gezalan. Helburua da poesia sozializatu eta herritarrengana hurbiltzea.
Poesiaren maitaleak zorioneko daude, Poesia Kaia jaialdiaren laugarren ekitaldia lurreratuko baita Lezon hilaren 14an eta 16an. Poesia Kaiak poesia eta musika uztartzen ditu, eta jaialdi horrek euskal poetak eta musikariak bilduko ditu Lezon bi egunez. Jon Legorburu Kultura zinegotziaren esanetan, egitasmoaren helburua da “poesia sozializatu eta herritarrengana hurbiltzea”.
Legorburuk adierazi du Lezok “apustu handia” egiten duela kultura eta artea bultzatzeko. Poesia Kaia apustu handi horren barruan kokatzen da, eta poesia laugarrenez eramango dute oholtzara. Poesia eta musika ardatz dituen egitasmoak bi ekitaldi nagusi izango ditu, eta biak Gezala Auditoriumean izango dira. Alde batetik, ostegunean, hilak 14, 19:00etan, Tere Irastorzak eta Joseba Sarrionandiak solasaldi poetiko bat eskainiko dute.
Bestalde, larunbatean, hilak 16, 19:00etan, poesia eta musika uztartuko dituzte errezitaldi baten bidez. Beñat Arruti, Garazi Ugalde eta Juan Carlos Mestre poesiaz arduratuko dira, eta Itsaso Fernandezek klarinetearekin, Jon Makusok biolinarekin eta Tomas Rutik fagotarekin, Gezala musikaz blaituko dute.
Juan Ramon Makuso poetak nabarmendu du Poesia Kaiarekin Lezon poesia eta kulturaren aldeko “plaza sendoa” lortu dutela: “Helburua poesia sozializatzea da, izan ere, jendeak ez du ohiturarik poesia entzuteko, eta pozgarria da Lezoko Udalak egiten duen esfortzua”.
Legorburuk eta Makusok lezoarrei eta ingurukoei deialdia luzatu diete ekitaldietara hurbiltzeko eta musikaz eta poesiaz gozatzeko.