Ikuska, ostiraletik hilaren 23ra
Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldia hilaren 15ean hasi eta 23an bukatuko da. Sormena eta konpromiso soziala uztartuko dituzte egitarauan.
Hilaren 15etik 23ra arte egingo da aurten Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiaren 26.edizioa. Pasaiako Udalak eta Trintxer Kulturala elkarteak lankidetzan antolatu dute Trintxerpeko alkateordetzan.
Herrialde ezberdinetako zinemagileek parte hartuko dute aurten ere, lehiaketarako film laburrak edota kultura eta gizarte gaiei buruzko atalak ere eskainiz. Urteroko atal bereziei ere tokia egin diete egitarauan, hizkuntza-bizikidetza sustatzeko asmoa duen Mintzagun atala edo genero-berdintasun eta feminismoaren aldeko Emea eta Askotarikoa atala adibidez. Gainera, aurten bi atal berri aurkeztuko dira, Animazio saioa eta Dokumentalen atala.
Ikuskak pasaitarrentzat garrantzia duela adierazi dute ordezkariek aurkezpenean. Pasaiako sentsibilitate ezberdin eta aniztasuna biltzen du erakustaldiak, eta lanketa sozialei ekarpena egiten die. Herritarrak eta bisitariak hausnarketara bultzatzen ditu, eta horregatik, Udalari ohorea dela iruditzen zaio kultura eta gizartearen aldeko ekimen hau sustatzea.
Hilaren 15ean, ostiralean, hasiko da egitaraua 20:00etako animazioko film laburren proiekzioarekin.
Larunbaterako bi saio prestatu dituzte, lehena emakumearekin lotura duten filmen Emea eta Anitza saioa, 20:00etan hasiko dena; eta bigarrenik, umorezko filmen proiekzioa Gauguasa atalarekin. Asteburu bukatzeko igandean 19:00etan film labur dokumentalak proiektatuko dituzte.
Sail ofiziala hilaren 18tik 22ra bitartean izango da, eta 27 lanek lehiatu beharko dute haien artean. Lehiaketari itxiera emateko intrigako eta beldurrezko film laburren proiekzioa antolatu dute 22 gauerako.
Hilaren 23an 19:00etan egingo den sari-banaketarekin emango zaio itxiera Ikuskari.
Trintxerpen Ikuska erakustaldiko filmak proiektatuko diren garai bererako eskualdeko beste herrietan Mintzagun ataleko proiekzio paralelo batzuk antolatu dituzte. Lehena euskaltegiko ikasleei bideratuko zaie Errenteriako Niessen aretoan 10:00etan. Egun berean arratsaldeko 18:00etan bigarren filma proiektatuko dute Oiartzungo Landetxe Auditorioan. Hilaren 19rako ere bi proiekzio daude antolatuak, lehena 12:45etan Lezo Institutuan, institutuko ikasleei zuzendua; eta bigarrena, 19:00etan Lezoko Gezala Auditoriumean: Mintzalagun ataleko azken saioa hilaren 20an 10:00etan proiektatuko dute Trintxerpeko Alkateordetzan.
Kategoria ezberdinetako sarietan 6.600 euro banatuko dituzte guztira. Gipuzkoako Foru Aldundia eta eta Mintzagunen laguntzaz gain, Bekoz Beko eta Itsas Mendi elkarteek ere ekarpena egin dute.