Itsas hondakinak biltzeko, sei ekintza bateratu
Pasaian, Donostian, Hondarribian, Zarautzen, Mutrikun eta Zumaian itsas hondakinak biltzeko hitzordua ezarri du Itsas Zaintza Sareak. Hilaren 17an egingo dituzte bilketa lanak.
Hilaren 17rako (igandea) itsas hondakinak biltzeko sei ekintza bateratu antolatu ditu Itsas Zaintza Sareak —Gipuzkoako 50 eragileek osatzen dute sarea, Materren ekimenez— Pasaian, Donostian Hondarribian, Zarautzen, Mutrikun eta Zumaian.
Goizeko 11:00etan bilduko dira itsas hondakin metaketa egon daitekeen gune estrategikoetan. Gune horiek sareko eragileei esker identifikatu dituzte. Egun horretan ingurune naturala garbi mantentzeko egitasmoa izateaz gain, horiek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia pizten saiatuko dira arduradunak.
Itsas Zaintza Saretik herritar guztiei, eta bereziki itsas erakundeei, egitasmoan parte hartzeko deia luzatu dute, “itsasoaren kontserbazioaren aldeko ahalegin kolektibo honetan”. Izena emateko 619 814 225 zenbakira deitu edo Itsas Zaintza Sarearen helbide elektronikora idatzi behar da.