Aurrekontuei zuzenketak aurkeztu dizkie PSE-EEk
Lezoko PSE-EEko bozeramaileak EH Bilduk aurrekontuak herritarrak kontuan hartu gabe egin dituela adierazi du. Lezoko beharrei erantzuteko akordiora iristeko zuzenketak aurkeztu dituzte sozialistek.
2025eko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa eta 24 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Lezoko PSE-EEk.
Joxean Sanchez PSE-EEko bozeramaileak dioenez aurrekontuak herritarrak kontuan hartu gabe egin dira, ez baita partaidetza-prozesurik abiatu. EH Bilduren proposamenak Lezok eta bertako herritarrek dituzten beharrak ez dituela erantzuten salatu dute sozialistek.
Aurkeztutako aurrekontuak inbertsioak %20,49z murriztea proposatzen du, eta lezoarren bizitzan hobekuntzarik ekarriko lukeen proiekturik ez dela biltzen salatu du.
Hala ere, sozialistek jarrera arduratsuarekin jokatuko dutela eta kontu publikoak negoziatzeko prest daudela adierazi dute. Udal Talde Sozialistak aurkeztutako 24 zuzenketekin akordiora heltzeko asmoa du. Nabarmendu dute Auñamendi kaleko, San Pedro-Pysbe auzoko eta Altamirako eremua berritzea eta udal kiroldegietako instalazioen birgaitzea proposatu dutela zuzenketen artean.
Horrez gain, beste zuzenketen artean besteak beste Zubitxo eta Arretxene kaleen artea igogailu bat eraikitzea, Euskal Herria parkean estaldura jartzea eta Altamiragaingo parkea biziberritzea, nahi ez den bakardadea saihesteko eta gazteen emantzipaziorako planak egitea, alokairurako laguntzak berreskuratzea, EITak eta birgaitze-obrak egiteko laguntzak ematea, Arratokiko eremuan erabilera anitzeko eraikinaren proiektua idaztea, Zubitxo eta bere inguruko garbitokiak berreskuratzea, gizarte-larrialdietarako laguntzak eta gizarte-erakundeentzako laguntzak handitzea eta migratzaileei harrera egiteko protokoloa egitea proposatzen dute.