Egitarau oparoa haur eta nerabeen eskubideen defentsan
Hilaren 20an da Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna. Hilaren 18etik abenduaren 20ra arteko egitaraua osatu du Pasaiako Udalak.
Hilaren 20an den Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Egunaren harira egitarau zabala antolatu du hilaren 18etik abenduaren 20ra Udalak.
Teo Alberro alkatearen hitzetan haur eta nerabeak ere subjektu aktiboak dira, eta giza eskubideak dituzten heinean iritzia emateko eta parte hartzeko eskubidea dute. Udalak eskubideak errespetatu eta babesteko Eskubidean plana abian du, herriko eragileekin batera herri hezitzailea bultzatzeko. Alkatearekin batera Udal Zerbitzuetako ordezkari, Karmengo Ama, Pasaia Lezo Lizeoa eta La Anunciata ikastetxeetako ordezkariek parte hartu dute aurkezpen ekitaldian.
Bide horretan, hurrengo asteetarako egitarauan hainbat tailer eta ekintza antolatu ditu Udalak. Jarudueretako batzuk haur eta nerabeek parte-hartze sistema bidez proposatu dituzte, beste batzuk, ordea, Eskubidean planaren baitan Udal, hezkuntza-komunitate eta eragileen artean elkarlanean prestatu dituzte.
Hilaren 18an hasiko da egitaraua 22ra arte iraungo duen haur eta nerabeen eskubideei buruz hezkuntza komunitatean egingo dituzten jarduerekin.
Hilaren 19an, asteartez, 3 eta 5 urte arteko haurrentzako Egin Putz ipuin kontaketa egingo dute 17:30etan San Pedroko liburutegian. Biharamunean, hilaren 20an, ipuin kontaketa errepikatuko da Antxoko Kultur Etxean.
Hilaren 22an haurrentzako jolasak, txokolate-hartzea eta nerabeentzako tailerrak antolatu dituzte Udal Zerbitzuek Donibaneko frontoian 17:00etan.
6 eta 12 urte arteko Zu eta ni izeneko ipuin kontaketarekin jarraituko du egitarauak hilaren 26an. 17:30etan Donibaneko Kulturguneko Erabilera anitzeko gelan izango da.
Bi egun barru, hilaren 28an, Pantailak eta sare sozialak : onura eta arriskuen prebentzioa hitzaldia eskainiko dute Orain prebentzioa eta Mikel Cerezo gizarte hezitzaileak Trintxerpeko Ulia Kultura aretoan 17:30etan. Abenduaren 11an 17:30etan Antxoko Kultur Etxean errepikatuko dute hitzaldia. Gurasoei zuzenduta dago.
Egitaraua ixteko haur antzerkia antolatu dute abenduaren 15ean San Pedroko Udal Aretoan 17:30etan.