"Proiektu hau izan da orain arte egin dugun profesionalena"
'Deabruen Doinuak' albuma argitaratu berri du Zilibito Records talde oiartzuarrak. Hamahiru abesti ditu orotara lanak; baita elkarlan ugari ere.
Deabruen Doinuak izeneko albuma kaleratu berri du Zilibito Records talde oiartzuarrak urtebete baino gehiago lanean aritu ondoren. Otsailean ateratako EParen jarraipena eta itxiera da proiektua, eta hamahiru kantu ditu lanak. Baditu, baina, elkarlanak ere: Malakias, Mr. Luken, Rally48, XSakara, Etxepe eta Mutiko artistak izan dituzte oiartzuarrek bidelagun.
Sei gaztek osatzen dute taldea: Aner Orbegozo Toutz, Ander Goenaga Txuso, Jurgi Arbelaitz Arbe, Eñaut Arbelaitz Uto, Xabi Bergaretxe Xabi eta Ekain Telletxea Kaene. Martxoan Deabruen Doinuak izeneko EP bat kaleratu zuten, eta atzo bertan (hilaren 14an) izen bera duen albuma zabaldu dute lau haizetara. Telletxea izan da seien izenean hitz egin duena.
Nola definituko zenuke Zilibito Records?
Lokalean elkartzen garen lagun talde bat gara, kuadrillakoak. Etxean hasi ginen musika egiten, baliabide nahiko gutxirekin, baina behin lokala lortuta bertan elkartzen gara, eta han egiten dugu musika. Zaletasunen arabera eta inongo trabarik gabe aritzen gara.
Taldea edo kolektiboa zarete?
Azkenaldian talde moduan ari gara funtzionatzen. Zillibitok kaleratuko dituen proiektuak-eta elkarrekin hitz egiten ditugu, eta denon artean hartzen ditugu erabakiak. Orokorrean talde lan bat da egiten duguna: batek produzitu egiten du, beste bat ilustrazioez arduratzen da, beste bat komunikabideekin harremana izateaz… Talde bezala funtzionatzen dugu, baina sare sozialetako eta Spotifyko norbere kontuak ditugu, proiektu propioak bertan elkarbanatzeko.
2022an hasi zineten abestiak igotzen. Gaztea Maketa Lehiaketa ere irabazi duzue. Nola bizi izan duzue garaipenaren ondorena?
Gustatzen zaiguna egiten hasi ginen, nahiko arduragabe eta bakoitzak etxean genituen baliabideekin. Maketa lehiaketarekin epearen amaieran animatu ginen, datekin oso justu ibili baikinen. “Bidaliko dugu eta ea zer gertatzen den”, pentsatu genuen, baina ez genuen espero irabaztea ez deus. Finala irabaztea shock moduko bat izan zen esandakoagatik, etxean musika egiten dugun lagun talde bat garelako. Bultzada bat izan zen hori irabaztea. Finean, sariak materiala lortzeko orduan-eta laguntza handia ematen du, eta gure kasuan lokala ere lortu genuen. Lortutako dirua soinu hobea lortzeko eta kalitatea igotzeko inbertitu genuen. Inflexio puntu bat izan zen hori [saria irabaztea], eta handik aurrera gauzak serioago egiten hasi ginen. Hala ere, oraindik betiko moduan jarraitzen dugu lanean: lokalean, gustatzen zaiguna egiten… Betiere beste seriotasun puntu batekin.
Nola sortzen da albumaren ideia?
Otsailean Deabruen doinuak izeneko EP bat argitaratu genuen, atzo gauean kaleratu genuen albumean ere badauden kantez osatua dagoena. Deabruen doinuak da abesti nagusia, bideoklipa ere egin genion, eta hura izan zen sortu genuen lehen kantua Oiartzungo beste bi musikarirekin, duela urte eta erdi. Abestia egin ondoren pentsatu genuen kantu horrekin eta deabruak eta aingeruak ardatz izanda proiektu bat hastea. EPa egin genuen lehendabizi, eta hura kaleratu ondoren ekin genion lanari azaroan albuma argitaratzeko.
Abestiak gure erritmoan egin ditugu; batzuetan lasaiago eta beste batzuetan presa gehiagorekin. Hala ere, proiektu hau izan da zalantzarik gabe orain arte egin dugun profesionalena. Dirua inbertitu dugu soinuan, masterinean… Esfortzu eta lan handia egin dugu proiektu honetan. Fisikoki ere aterako dugu diskoa, eta Durangoko Azokan egongo garen lehen urtea izango da.
Zer da Deabruen doinuak albumean kontatu nahi duzuena?
Albumean gazte batek izan ditzakeen zalantzak eta barne gatazkak bezalakoak kontatzen ditugu. Baina ez dugu beti gauza zehatzik kontatzen. Bakoitzak bere interpretazio propioa egin dezake. Kantu batek niri zerbait esan diezadake, baina beste pertsona bati beste zerbait.
Albuma bi zatitan banatzen da, baina ez genero aldetik. Introa Mikel Mendizabalek bikoiztu du Malen Etxebestek idatzi duen testu bat oinarri izanik. Efektuak ere sartu dizkiogu ipuin moduko horri, eta albumaren hasiera abestia da hori. F**K da interludea, albuma bitan banatzen duen abestia hain zuzen. Oro har, albumean zehar trapa, elektro latinoa eta reggaetoia aurki daitezke.
Aurreko lanekin alderatuta, bada berritasunik album honetan?
Genero aldetik nabaritu dut taldea apur bat aldatzen hasi dela. Lehen egiten ez genituen gauzak egin ditugu, zaletasunak ere aldatu baitzaizkigu denbora luze honetan. Soinu aldetik ere ez dago konparatzerik; aurreko albuma mikrofono batekin eta etxean grabatua zen. Orain, aldiz, material askoz hobearekin grabatzen dugu. Gainera, aukera izan dugu Javi Calahorra –@mixedbyjavicalahorra– bezalako artista batekin soinuen generoa lantzeko. Berak masterizatu dizkigu abestiak.
Txikitan albuma ixten duen abestia da, eta hura sortzeko biolin jotzaile bat eta koro bat ekarri genituen. Ordenagailuan produzitzen dugu ia dena, baina album honetan instrumentu fisikoak ere sartu ditugu.
Agerikoa da estetikari garrantzia eman nahi izan diozuela lan honetan.
Bai, zalantzarik gabe. Hastapenak zen aurreko albuma, eta izenak dioen moduan, hasiera zen. Bakoitzak etxean egin genuen norbere abestia, eta ez zuen ordena zehatzik. Deabruen doinuak albumarekin, haatik, egin genuen lehen gauza perfila aldatzea izan zen. Lehen zilibito soil bat zen irudia, eta orain deabruaren adarrak eta isatsa erantsi dizkiogu hari. Estetika gorria da nagusi proiektu honetan.
Argi zenuten albumak elkarlanak izango zituela?
Gaur egun Euskal Herrian dagoen musika duela urte batzuetakoa baino zabalagoa eta anitzagoa da, eta albuma luzatzea erabaki genuenean guk entzuten dugun eta gustatzen zaigun jendearengana jotzea erabaki genuen. Haiekin kontatu genuen, gonbita egin genien, eta horrela sortu ziren elkarlanak.
Zer nabarmenduko zenuke disko honetatik?
Talde moduan gehiago funtzionatu dugula, eta hori izan da agian estudioak eragin duelako elkarrekin gehiagotan biltzea. Hala ere nabarmenduko nuke landutako proiektu bat dela eta ilusio handiarekin egina dela.
Oiartzuarrez abesten duzue.
Oiartzunen euskaraz hitz egiteko ohitura dago eta oiartzuarrez egiten dugu. Ez da hautu bat; horrela ateratzen zaigu eta horrela sortzen dugu. Batzuetan gaztelerara ere jo izan dugu erreferentzia asko Euskal Herritik kanpo ditugulako. Ez dugu gazteleraz hitz egiten baina, zoritxarrez, erreferentzia asko espainolak dira.
Bazenuten bigarren diskoa egitean beldurrik?
Ez dakit zer esan, baina uste dut ezetz. Denbora asko eskaini diogu disko honi, ez dago aurrekoarekin alderatzerik. Bisitak ez dira bereziki axola zaigun zerbait. Egindako lanarekin gustura gaude, eta uste dugu gure inguruko jendeari gustatuko zaiola, beraz horrekin geratzen gara. Bestalde, albumak ze harrera izango duen ez dakigu, ez da inoiz jakiten, baina ez dugu beldurrik. Gainera, euskal panoramako jende asko ezagutu dugu.
Taldean sei pertsona izanda, nolakoa da sorkuntza prozesua?
Askotan ez zaigu erraza egiten. Sei pertsona gara, eta ez da erraza jakitea zer egin, noiz egin, zer erabili ezta zerrekin jarraitu aurrera ere. Abesti asko sortzen ditugu eta batzuk agian hobe da ez argitaratzea, edo beste batzuk egokiagoak izaten dira. Letrak etxean edo estudioan idazten ditugu, baina sorkuntzan denok hartzen dugu parte. Sei izatean hainbat iritzi izan ditzakegu, eta eztabaida eta kontraesanak ere sor daitezke, baina horrelakoetan hitz egitea da onena.
Bat egiten duzue musika estiloen gustuetan?
Ez beti. Batzuetan produktoreak genero bat egin nahi izaten du eta abeslariak beste bat abestu; hitz egin behar izaten dugu horrelakoetan. Nik ez badut reggaetoia abestu nahi beste bati uzten diot lekua, baina normalean denok hartzen dugu parte abestietan. Hala ere denetik entzuten dugu denok.
Musikari asko dago Oiartzunen. Zer dela eta?
Ez nago ziur, baina egia da Txiltxokok, Bengok eta Autobus Magikoak eragin handia izan dutela herrian. Oiartzunen beti egon da sortzeko ohitura, eta bertako talde askori udalak utzi digu lokala. Horrek ere bultzatzen ditu herriko proiektuak.