Herriaren goxotasunean ospatzen ari dira Piztu Lezoren hamar urteak
Eguna hasi berri duten arren pozik agertu dira lezoarrak. Taldearen bilakaera jasotzen duen dokumentala eta abestia aurkeztu ondoren bazkari goxo batez gozatu dute. Arratsaldean musika izango da protagonista.
Piztu Lezok hamar urte bete ditu, eta urte horiek guztiak herriaren goxotasunean ospatzen ari dira. Eguzkiak ere bere aletxoa jarri nahi izan du eta hego haizearekin Piztu Lezoren sugarra hauspotzen jarraitzeko giro aproposa sortu du.
Eguna hasi berri duten arren pozik agertu dira lezoarrak. Taldeak prestatutako egitarauari segika, eguerdiko 13:00etan Piztu Lezo sortu zenetik izan duen bilakaera jasotzen duen dokumentalaren eta abestiaren aurkezpenean izan dira eta segidan, herri bazkaria izan dute. Indarrak hartzeko bi menu prestatu dituzte: orojalea eta begetarianoa. Sarrera gisa errusiar entsalada eta patea edo patata tortilla eta guakamolea dastatu dituzte. Ondoren, I love paella catering-aren paella goxoa jan dute eta azkenik, txokolatezko euskal pastela eta kafea banatu dituzte.
Dantzan jarraituko dute arratsaldea herriko gazteek. Horretarako, Andoni Ollokiegiren doinuak izango dituzte lagun eta jarraian, Elektroxufla elektrotxarangaren jarraituko du festak. Eznaun eta Ganibet taldeek hartuko diote segida elektrotxarangari eta eguna Fifi eta Fefa DJekin bukatuko dute.
Hona hemen eguneko zenbait argazki: