Euskarazko film labur onena hautatuko dute euskaltegietako ikasleek
Pasaiako Ikuska festibaleko Mintzagun Saria erabakiko dute ikasleek. Horretarako, hainbat saio ondu dituzte, gaurtik asteazkenera bitartean.
Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, eskualdean euskara ikasten ari diren ikasleek euskara erabiltzeko dituzten aukerak eta espazioak “handitzeko” eta “ugaritzeko” helburuarekin, Euskarazko film onenari ematen zaion Mintzagun Saria sortu zuten 2012an. Hala, Pasaiako Ikuska festibalera aurkezten diren film laburren artean, euskarazko onena aukeratzen dute urtero Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek.
Bozka eman ahal izateko, euskaltegietako ikasleei begirako bi saio antolatu dituzte. Lehena gaur goizean egin da, Errenteria-Oreretako Niessen aretoan. Bigarrena, aldiz, asteazkenean (hilak 20) izango da, Trintxerpeko Alkateordetzan, 10:00etan.
Bestalde, Lezoko Institutuko ikasleei zuzendutako emanaldi berezi bat egingo da bihar (hilak 19) Gezala Auditoriumean, 12:45ean. Ikasle gazteei begirako emanaldia Lezoko Zinema Ttikia eta Euskara Talaia elkarteen bitartez antolatu da.
Azkenik, herritarrei irekitako emanaldi bana ondu dute. Lehen saioa gaur arratsaldean izango da, Oiartzungo Landetxe aretoan, 18:30ean. Bigarrena, berriz, bihar (hilak 19) izango da, Lezoko Gezala Auditoriumean, 19:00etan. Lezoko saioa Lezoko Zinema Ttikia elkartearen laguntzarekin iritsiko da herritarrengana.
Emanaldi guztiak doakoak dira, eta ikasle zein herritarrek bost film laburrez gozatu ahal izango dute: Azkena, Garai txarrenak, Puzzleak, Oinez eta Betiko gaua. Proiekzio horietatik aterako da 2024ko Mintzagun Sariaren irabazlea.
- Hilak 18: Oiartzungo Landetxe aretoan, 18:30ean. Saio irekia.
- Hilak 19: Lezoko Gezala Auditoriumean, 12:45ean. Lezoko Institutuko ikasleentzat.
- Hilak 19: Lezoko Gezala Auditoriumean, 19:00etan. Saio irekia.
- Hilak 20: Trintxerpeko Alkateordetzan, 10:00etan. Euskaltegietako ikasleentzat.