Tirabira reggae taldeak aurkezpen kontzertua egingo du Niessenen
'Bat' bi diskok osatzen duten argitalpena aurkeztuko du Tirabirak abenduaren 7an emango duen kontzertuan.
Tirabira reggae taldeak Niessen kulturguneko auditorioan aurkeztuko du bere musika proiektua. Besapean Bat ekarriko du, bi disko eta 18 kantekin argitaratutako proiektua, eta lehenengoz aurkeztuko dute zuzenean taldearen lehen lana dena. Kontzertua abenduaren 7an izango da, 20:00etan eta sarrerak salgai daude 10 euroan (klik hemen). Euskal reggaeren “basamortuan Ganja landatzen jarraitzeko asmoz” disko bikoitza kaleratu dutela azaldu dute Tirabirako taldekideek, “bi diskoetan orotara 18 kanta kolpe batean”.
Proiektua Iñigo Egiak eta Xa2 makuluk gidatu dute; kanten ekoizpena egin du Egiak, eta Makuluk, berriz, konposaketa eta hitzak landu ditu. Ez dira, ordea, bakarrik aritu, hamaika parte hartzailek egin dute bat Tirabiraren estreinako proiektuan: Aintzane Usandizaga, Oskar Estanga, Jon Maia, James eta Ametz Rogers, Mikel Ugarte eta Iñigo Egia kanta banarekin lagundu dute hitzetan. “Musikaren magia sortzen” lagun askok jarri dutela hazia gaineratu dute taldekideek: Ivan Moreira eta Ander Zulaika baterian, Harkaitz Bastarrika eta Xabier Barrenetxea baxuak, Aitor Badiola, Alvaro Remacha eta Ruben Mesquida gitarrak, Pepe Otxandorena buzukia, Antxon Sarasua eta Jimmy Bidaurreta piano eta teklatuak, Oskitz Gorrotxategi tronpeta, Asier Nieto Kixki harmonika, Gonzalo Fernández de Larrinoa tronboia, Komando braga rapeoa. Ahotsetan, berriz, Noa, Otxi eta Santi (Les Fous), Eider Ormazabal, Uxue Egia, Iker Huitzi eta Josu Etxeberria. Artea, azkenik, Malen Amenabarrek jarri du.
Abenduaren 7ko kontzertuan Niessen auditorioko oholtza gainean, Ivan Moreira bateria, Aitor Moreno baxua, Bea Hurtado teklatua, Aitor Badiola gitarra, Eider Ormazabal koroak, Xa2 makulu gitarra eta ahotsa; oholtza behean, berriz, Iñigo Egia teknikari lanetan ariko da.
Diskoaz ere mintzatu da Tirabira, eta azaldu du pertsonen arteko harreman tirabiratsuei erreparatu diela, “gatazkari, injustiziari”, baina baita lankidetzari, aniztasunei eta kolektiboari ere. Disko horretan jamaikar reggaearen sustraietan sakondu du taldeak, “beti ere gure sustrai eta baliabide kulturalei muzin egin gabe”. Beste diskoa, espiritualagoa: “Mundu abstraktuan igeri eginez gure izate intimoena marraztu nahian”. Musikalki, reggae musikan errotutakoa baina ikuspuntu pertsonalago batetik egina bigarren disko hori. Kanta bakoitiak ditu disko batek; bikoitiak besteak.
Tirabiraren proiektua ezagutzeko aukera paregabea izango da abenduaren 7an, eta horretara deitu du taldeak, bertaratu eta euren musika disfrutatzera.