Energia berriztagarria sortzen hasteko "prest" dago Elorsoro
Azken boladan Elorsoroko teilatuaren azalera guztia 336 eguzki plakekin bete dute, eta datozen egunetan konektatuko dute sare elektrikora.
Elorsoro kiroldegia energia berriztagarriz hornitzeko proiektua gauzatu du udalak. Azken bi hilabeteetan Elorsoro teilatuaren azalera guztia 336 eguzki plakekin betetzeko lanak egin ditu, eta instalakuntza nagusia bukatuta, datozen egunetan konektatuko dute sare elektrikora.
Udalak esan duenez herriko argiteria eta eraikin publikoetako energia kontsumo handiena kiroldegia ematen da; zehazki, kopuru osoaren %37. 150 kWp-ko instalakuntza berriztagarri honekin Elorsoro “jasangarriagoa izatea lortuko dute, behar duen elektrizitatearen %37 sortuko baitute eguzki plakek”.
Orain arte udalak egin duen instalazio handiena da hau, 92.500 euroko inbertsioa egin baitu horretarako. Leycolan SAL enpresak egin ditu lan horiek. Azpiegitura berriaren bideoa hemen ikus daiteke.
Eraikin eta zerbitzu publikoetan erabiltzen den energia berriztagarria izateaz gain, Oiartzungo etxebizitza eta enpresek ere trantsizio energetikoan aurrerapausoak ematea bultzatu du udalak herritar, eragile eta sektore pribatuarekin klima aldaketari aurre hartzeko. “Bide horretan funtsezko zeregina dute Argitturri bezalako Energia Komunitateek, herritarren ekimen kolektiboak antolatzeko modua baitira, norbanakoak ere energia aldaketaren sustatzaile aktibo bihurtzeko”. Udalak adierazi duenaren arabera, Oiartzungo energia berriztagarrien komunitateak dagoeneko jarri du martxan bere lehen instalakuntza berriztagarria. Herrian hainbat azterketa egin dituztela ere gehitu dute, eta esku artean hainbat egitasmo dituztela aurreratu dute. “Horregatik, Argitturri Energia kooperatiba hauspotzeko 50.000 euroko ekarpena egingo du udalak; 25.000 euro 22024an eta beste hainbat 2025ean “.
