Aparkalekuaren arazoari "zentzuz heltzeko ardura" eskatu dio gobernuari PSE-EEk
Atzo onartutako Aparkalekuen Ordenantza berriaren kontra bozkatu zuen atzo taldeak, haien arabera, udal gobernuak "irteera azkarra, erraza bezain arduragabea eta bidegabea" bilatu duelako.
Atzoko udalbatzan EH Bilduren eta Podmosen aldeko botoekin onartutzat eman zen Aparkaleku Ordenantza berriaren kontra agertu da PSE-EEk. Kontra bozkatu zuten atzoko bilkuran, eta jarrera hori agertzeko dituzten zergatiak zerrendatu dituzte, hedabideei bidalitako ohar batean.
Lehenik eta behin, araudi berri honek “udalerriko aparkaleku arazoentzako irtenbidea izan nahi” duela diote, baina, “pasaitarrek ordaindu egin beharko” dutela diote “beste aukerarik proposatu gabe herriko kaleetan aparkatu nahi badute”. Gainera, aparkatu nahi izanez gero, pasaitarrek “nahitaez” ordaindu beharko dutela gaineratu dute taldekoek, eta egoiliarrak ez direnek doan aparkatu ahal izango dutela “egokitutako ordutegietan eta espazioetan”. Egoiliarren txartela eskatzen dutenek aurten ordainduko dutela eta hurrengo urteetan “oraindik zehaztu gabe dagoen tasa” ordaindu beharko dutela salatu dute sozialistek, eta sistema hori ezartzeak eragingo dituen “kostuaren araberakoa” izango dela tasa.
“Pasaiako gobernuari galdetu diogu zein den arazoa, aldi berean, TAO sistema bat ezartzeko, ibilgailuarekin bisitatzen gaituztenek ere aparkatzeagatik ordain dezaten. Sistema berri hau ezartzearen kostu guztia gure herritarren poltsikoei dagokie. Eta ez da hori bakarrik, izan ere, ez dago bermatuta aparkatzeko espazioa”. Gobernua oinezkoentzako espazioak erabiltzen ari dela diote taldekoek, besteak beste, Antxoko Luzuriaga parkera sartzeko gunea, “non aparkatzeagatik ordaindu behar den”, sozialistek salatu bezala.
Egungo ibilgailuen beharrak asetzeko, udal dokumentuek “3.000 aparkaleku falta direla agerian utzi” dutela esan dute: “Badakigu bertakoen sistema arautu behar dela eta, hala badagokio, tasa hori bidezko irizpideekin ezarri behar dela. Baina, aldi berean, alternatibak ezarri eta sustatu behar dira, hala nola aparkaleku berriak eraikitzea eta bisitarientzako ordainketa bidezko txandakatze sistema bat (TAO). Hori proposamen integrala da”, esan dute.
Udal gobernuak, aparkalekuaren arazoari irtenbide bat emateko, “irteera azkarra, erraza bezain arduragabea eta bidegabea” bilatu duela esan dute azkenik: “Espero dugu gobernuak araudi honen ondorioak aitzakiatzat ez hartzea parte hartzearekin egin delako eta, beraz, pasaitarrek hori nahi izan dutelako. Arazo honi zentzuz heltzeko ardura du, neurri osagarri eta alternatiboekin, ez soilik erdizka erantzutea ekarriko dutenak. Erantzunak bideragarria, integrala, eraginkorra eta bidezkoa izan behar du. Batez ere, arazoaren konponbideak bideratzeko oinarriak jartzea izan behar du helburu, eta ez bakarrik proposamen bat aurkeztuko dutelako biltzea eta justifikatzea”.