Argia eman diote, aitortza behar da orain
Memeoria Hitsoriko Feminista eraikitzeko urrats erraldoia egin dute Errenteria-Oreretan, 'Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980' liburua osatuta. Atzo aurkeztu zuten; argia eman diete gertakariei, baina inpunitateak indarrean jarraitzen du 45 urte geroago. Feminismotik ikertzen jarraitzeko eskaera egin dute.
Barrua mugituko zuela esan zuten, eta ez da zalantzarik, 1979 eta 1980. urteen artean bahitu eta bortxatutako emakumeen gaineko argitalpenak barruak mugitzeaz gain, amorrua ere piztu du, gertaera horien inguruan garaian izan zen inpunitatearengatik. Inpunitate horrek gaur gaurkoz indarrean jarraitzen du.
Argia eman die bahiketa, bortxaketa eta hilketei—bi emakume, Mari Jose Bravo eta Ana Tere Barrueta, bahitu, bortxatu eta hil egin zituzten— Argituz Elkarteko Xabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendik Errenteriako Udaleko Berdintasun Kontseiluak sustatuta egin duten argitalpenak: Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980 izena du , eta atzo aurkeztu zuten lepo bete zen Lekuona Fabrikako Plaza Horian, Argituzeko Gaztelumendi eta Ormazabalek, Berdintasun Kontseiluko Txelo Berrak, eta argitalpenak dituen bi hitzaurretako bat idatzi duen Nerea Barjola ikertzaile feministak. Arantxa Iraola Berriako kazetariak gidatu zuen aurkezpen hori.
Atzokoa “iluntasuna urratzeko” hitzordua zela esan zuen Iraolak, “horma bat puskatzera ere bagatoz, isiltasunaren horma apurtzera. 1979Ko azarotik 1980 martxora propio emakumeen kontra Errenterian eta Euskal Herriko beste hainbat herritan egin ziren hainbat eraso agerian uztera goaz”.
Erasoa jaso zuten emakumeen adinari erreparatu zion Iraolak, izan ere, guztiak oso-oso gazteak ziren, “14-19 urte artekoak”. Oihartzuna izan zutela gertaera haiek, mobilizazio handiak ere antolatu zirela ekarri zuen gogora kazetariak, “baina gero, hamarraldi askotan memoria historikoari buruzko ikerketetan bazterrean gelditu ziren. Horregatik esan dut bagatozela gaur iluntasun hori urratzera, eta izan zen hori gogora ekartzera”.
Lanaren abiaburuan, Berdintasun Kontseilua jarri zuen aurkezleak. Azken horrek indarkeria matxisten memoria historikoa jaso eta eraikitzeko ariketa kolektiboa du egitekoetako bat. Hori du jasoa, halaber, Errenteriako Udalaren III. Berdintasun Planak ere.
Hizketaldia hasi aurretik, baina, musikak hartu zuen agertokia. Etxamendi eta Larraldek egindako kantu batekin hasi zuten atzoko aurkezpena: Zure kantu batez. Errenterian izandako garai hartako bortxaketei erreferentzia egiten die kantu horrek. HITZAk aurreko ostiralean argitaratu zuen erreportaje zabala atzo aurkeztu behar zuten argitalpenaren harira. Erreportajea irakurrita, HITZAri jakinarazi zion Agustina Pontesta lezoarrak, bahiketa eta bortxaketa haien harira kantua egin zutela Etxamendi eta Larraldek. Pontesta eta Berdintasun Kontseiluko kideen arteko zubi lana egin zuen HITZAk, kantuaren berri emateko. Argituzek egindako ikerketak barru asko-asko mugituko ditu, baina baita, ziurrenik, lozorroan gelditutako oroitzapen asko esnatu ere.
Txelo Berrak Berdintasun Kontseiluko kideak hartu zuen hitza lehenik. Berak esan zuen, emakumeen kontrako indarkeriak, “ahanzturaren hauts geruza azpian” gelditu ohi direla, “eta desagertzen doaz”. Gogoeta horretatik abiatuta, udalerriko emakumeen kontrako indarkerien memoria osatzeko bideari ekin behar ziotela erabaki omen zuten, “1936ko estatu kolpearen ingurumarian soildutako emakumeak, edota 1980. hamarkada arte indarrean izan zen patronatu beldurgarriaz hitz egitea ere erabaki genuen. Argituzek 1979an izandako bortxaketen gaineko ikerketa aurkeztu zigun. Argi izan genituen bi kontu: Ez genuela joko emakumeengana berriro biktimizatzea suposatuko lukeelako, baina argi genuen kontatu behar genuela, argitara atera behar genuela emakume horiei guztiei erreparazio keinu bat egiteko”.
Emakumeen errelatoa berreskuratu eta kontatu
Beldurra aipatu zuen Berrak, “etxetik ateratzeko izua genuen. 15 bat urte nituen nik hau gertatu zenean eta beldur giro hori suma zitekeen herrian. Erabateko inpunitatea zuten, eta emakumeok babesgabetasun osoa. Emakume askorentzat etxean gelditzea suposatu zuen; beste batzuk, ordea, ezetz erabaki genuen, kalean izan behar genuela”. Ezjakintasuna ere aipatu du, “garai haietako eta beste belaunaldietako jendeak ez du gogoan gertatu zenik”.
Argitalpenarekin asebete, “gure herriaren historiaren parte bat da, eguneroko emakumeen kontrako biolentzia hori erreskatatzea eta kontatzea behar-beharrezkoa da: gure errelatoa da”.
“Isiltasuna kolektiboa da, inpunitatea kolektiboa da, eta erreparazio , hortaz, kolektiboa behar du”, argi esan zuen Barjolak. Egi bat kontatu digutela baina politizatu egin behar dela, testuinguruan jarri eta kokatzeko azaldu zuen ikerlari feministak, “egia ulertzen dugunean, erreparazio ekintza egiten ari garelako”. Ikertutako gertakariek eragin ikaragarria izan zuten haren hitzetan ere, “terrore sexual handia eragin zuten, eta eragin hori bera ere, ekintza politiko bat da”.
Bahiketa eta bortxaketak eman ziren garaian biolentzia sexualak kokatzen eta identifikatzen, eta bortxa sexuala egiturazko eraso gisa definitzen ari zen testuinguru feminista indartsua osatzen ari zela nabarmen jarri zuen Barjolak, eta pertsonala politikoa den ideia bera ere zabaltzen ari zela. Garrantzitsua dela hori lehen lerroan jartzea uste du, eraso latz haiek testuinguruan jartzeko ezinbestekoa delako. “Garaiko emakumeek agentzia politikoa, kulturala eta soziala zuten, eragiten ari ziren, eta hain justu, izugarri bortitza den biolentzia misoginoa ezartzea, aldaketa hori gelditzeko, emakumeak mendean hartzeko egindakoa da”.
Biolentzia sexuala, arma politiko gisa
Erasoen atzean zeudenak, “ultraeskuina”, ez zirela ezkutatu eta gainera existitzen den dominazio sistema guztia agerian utzi zutela gaineratu zuen, “bestalde, indarkeria sexuala instituzionalizatutako arma politiko gisa erabili zuten”. Horrek erasoak erregimen edo estatu politiko sexista baten barruan kokatzeko osagaiak ematen dituela jarri zuen nabarmen. Beste ideia garrantzitsu bat ere aipatu zuen Barjolak: “Biolentzia sexuala arma politiko gisa erabilita, gizonek emakumeen gorputzetan mezua jartzen ari dira beste gizonentzat: ‘zuen emakumeak bortxatzen ari gara’. Badago horretatik parte bat, noski, baina ez nuke horretan gelditu nahi bakarrik, bestela gizonaren ohorearen paradigman geldituko ginatekeelako, eta ez gara jabetuko subjektu eraldatzailea emakumeak beraiek ari zirela eurentzat eraldatzen. Emakumeak ziren jada ekintzaileak, agentzia zuten aktoreak” . Mezu argia: “emakumeen gorputzak mezulari huts gisa ikusten baditugu soilik, orduan ezingo dugu inoiz presente egon gure gorputzen, gure herrien, gure estatuen transformazioan”.
Garai hartako mugimendu feministari aitortu zion Barjolak orainetik eta ikuspegi politiko feminista batetik orduan gertatutakoa testuinguruan jartzeko aukera bermatu izana.
Ormazabalek eta Gaztelumendik Ikerketaren gaineko datuak zabaldu zituzten. Liburura bildu dituzten bahiketa eta bortxaketa kasuak, Irun eta Donostia artean gertatutakoak direla azaldu zuen Ormazabalek, horietatik hiru Errenteria-Oreretan izan ziren: “Irun, Oiartzun, Lezo, Errenteria, Pasaia, Donostia”. Beste hiru kasu ere ezagutarazi dituzte argitalpenean, Galdakao, Bermeo eta Loiun izandakoak.
Kontatu zuen, bortxaketa eta bi hilketei erantzuteko greba orokorra, gaueko kale hartzeak —emakumeek sustatuak— eta emakume taldeen arteko koordinazioa hobetu zutela herriko batzarrarekin eta auzoekin batera.
Bahiketa eta bortxaketek antzeko ezaugarriak zituztela esan zuen Gaztelumendik, “Lezoko kaira eramaten zituzten, pistolekin apuntatzen zituzten, eta galdekatu egiten zituzten. Erasoak ugaritu zirenez, argi zegoen emakumeak gerrarako arma gisa hartzea zela arrazoia”. Marijo Molina zenak, mugimendu feministako eta Memorandra kide izan zenak egin zien kontaketa hori 2014an Gaztelumendi eta Ormazabali memoria historikoa berreskuratzeko beste ikerketa baten harira.
1979ko azaroan izan zen lehen bortxaketa eta 1980ko maiatzean azkena. Tarte horretan bederatzi bortxaketa jaso dituzte argitalpenean, eta beste bi saiakera. Gehien-gehienak Errenteria-Oreretan izan ziren, baina gertatutako herri guztiak lan kontuetan zein politikoki “oso gatazkatsuak” zirela jarri dute nabarmen.
Egileak ia beti, bi gizon eta batzuetan hiru, “eta batzuetan bortxaketa bat baino gehiago egiten zuten egun berean. Arma txikiak beti soinean, eta mehatxuak tartean, autoa erabiltzen zuten bahiketarako aparteko lekuetara eraman, bortxatu, eta gero berriro, herrira ekartzeko. Lasai aski ibiltzen ziren, inpunitate osoz”.
Errepikatzen zuten mezu bati ere egin zion erreferentzia atzoko aurkezpenean Gaztelumendik, “’ez zarete azkenak!’ esaten omen zieten”. Inpunitate erabatekoa zuten, ez baitzuten aurpegirik estaltzen, edota autoaren matrikula ezkutatzen, “beti berdina zen, behin eta berriro, bazen auto gorri bat neskek identifikatu zutena. 20-24 urte arteko gizon ile horia, eta ile beltza bestea. Bortxatutako emakumeen artetik bost, adin txikikoak ziren”. Datuak, beldurgarriak. Errealitatea, latza. Ez orduan, ez 45 urte geroago ez dago errudunen inongo zantzurik, ofizialik, ez baita ikerketarik abiatu. Zigorgabetasuna erabatekoa izan zuten, eta dute.
1980tik aurrera modu horretan egindako bahiketa eta bortxaketak ez ziren errepikatu, eta Ormazabalek ideia argigarria partekatu zuen atzoko aurkezpenean, “badirudi bateren batek hura geldiarazteko agindua eman zuela, hasi ziren bezala amaitu baitziren”.
Ikuspuntu feministatik ikertzen jarraitu
Liburuaren helburua gertaerak ez ahaztea dela gaineratu zuen Argituzeko ordezkariak, eta kasu horiek aitortzearen ardura duenari bultzatzea “aintzat hartuak izan daitezen maila guztietan”. Bide beretik mintzatu zen Gaztelumendi, “ikerketa horiek ez ziren egin; ez genekien eta jakin gabe gelditu gara zer gertatu zen. Seguru aski ez dugu inoiz jakingo bortxaketa gehiago egin ote zituzten, sexu indarkeria salaketak halako inplikazio pertsonal-familiar handia duelako eta estigmatizazioa gertatzen da. Are gehiago garai hartan, garai honetan ere bai, ohikoa izaten da emakumeak ez sinistea. Batzuetan, beraz, nahiago izaten dute biktimek isilik gelditu eta gertatu zaiena ez kontatzea”.
Garai hartako mugimendu feministari aitortza Gaztelumendik ere, “mugarria izan zen, inflexio puntua. Garaiko Garraxi aldizkariak jaso zuen bezala, lehenengo aldiz eurena izan zen lidergoa, beraiek antolatu zituzten manifestazioak, bilerak eta borrokak. Gaurko feministontzako, alabak, edo ahizpak garen neurrian, irakaspena da. Jarraitu behar dugu, ikerketa gehiago eskatu edo egin behar ditugu kasu hauen inguruan”.
Horretarako Memorandra bezalakoak oso garrantzitsuak direla, eta instituzio publikoen inplikazioa “ezinbestekoa” dela jarri zuen mahai gainean ikerlariak, eta ikerketa horiek, nahi eta nahi ez, ikuspuntu feministatik egin behar direla, “bestela egiaren zati bakarra lortuko dugu eta ez egi osoa”.