Bandera asko ditu euskarak
Euskaltegietan askotariko jatorridun ikasleak daude. Euskara indartzeko ezinbestekoa da haiek ere hizkuntzara hurbiltzea. Lezoko Oroitzene AEK, horren adibide.
Inguruko herrietako biztanleen pluraltasuna, kultura ezberdinen arteko elkarbizitza, eta askotariko jatorria duten pertsonen arteko harremanak handitzen eta indartzen ari dira. Horretatik ezin da salbu gelditu euskara. Euskal Herritik kanpo jaio eta bertara bizitzera etorri direnak ukaezinezko ekarpena egiten ari dira bertako herri eta auzoetan. Haietako askok urratsa egin, eta beharrezko ikusi dute euskara ikastea; ez soilik lanposturen bat edo besterik gabe bertako hizkuntza ezagutzeko. Integraziorako baliabide garrantzitsua ere bada euskara. Euskaltegietan da etorri berri direnen olatua. Euskaratik hemengo ohituretara, nahiz izateko eta egiteko eratara hurbiltzen ari dira.
Horren adibide da Lezoko Oroitzene AEK euskaltegia. Goizeko nahiz arratsaldeko taldeetan dituzte duela ez asko Euskal Herrira bizitzera etorritakoak. Talde horietako batekin izan da HITZA. Zehazki, hasiberrienekin. Astelehenetik ostegunera izaten dira euskaltegian Edurne Lizarazu irakaslearen gidaritzapean euskaran urratsak egiten. Zazpi kidek osatzen dute taldea. Ashley Martinez, Estefania Diaz, Hanna Ponochevna, Dayana Rios, Sandra Gilazaña, Jane Delgado eta Anabel Horcajuelo dira.
Giro polita dute gelan. «Interes handiarekin etortzen dira euskaltegira. Jakin-mina dute. Oso pozik nago taldearekin», ziurtatu du Lizarazuk. Irakasleak aipatu du ia ez dutela hutsik egiten, kalerik ez klaseetan. «Baten batean seme-alaben zaintzagatik ezin izan dute etorri. Baina asistentzia oso ona da, ia-ia beti etortzen dira», azaldu du. Hedabidea ikasgelan izan den bitartean erraz suma zitekeen aldarte ona, ikasteko gogoa, bertako hizkuntzan sakontzeko nahia. Kuadrilla ere osatu dute. Euskarak ez duelako bandera bakarra. Nahi duen ororena da hizkuntza. Bizirik iraun nahi badu, denen ahotatik atera behar baita euskarazko jarioa.
Euskararekin gustura
Argentinan jaio zen Estefania Diaz, eta lau urte dira Lezora etorri zela. Aipatu du euskaltegian izena emateko arrazoirik nagusiena euskara lanerako beharrezko duela da, baina senide euskaldunak izatea motibazioa izan dela aitortu du. Bi seme-alaba ditu: «Ikastolara doaz. Hortaz, euskara ikasten laguntzen didatela esaten dut. Egunero etxera hitz berriekin datoz, eta nik hemen ikasten dudana ere irakasten diet». Gelako giroa «ezin hobea» dela azaldu du, Lizarazu irakasleari gorazarre egiteaz gain, klasekideekin egin duen harremana «oso ona» dela adierazi du, pozik. «Gainera, euskaltegian izanda eta euskarari esker, Lezo hobeto ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera izaten ari naiz». Kuadrilla egin dute Oroitzeneko gela konpartitzen duten zazpi emakumeek, bertatik kanpo ere gelditzen direla azaldu du Diazek, «kaferen bat hartzeko eta gure gauzei buruz hitz egiteko».
«Ni Jane Delgado naiz». Bere burua euskaraz aurkeztu du ikasleak, sendo. Perun jaio zen, eta duela hiru hilabetetik Pasai Donibanen bizi da. Izan ere, Oroitzenen Lezon bizi diren ikasleak izateaz gain, Donibanekoak eta beste hainbat herritakoak dituzte, hurbiltasunagatik edo ordutegiengatik Lezoko euskaltegira doazenak. «Gustuko dut euskara. Oro har, hizkuntzak gustuko ditut. Eta nola ez, hemen bizitzen izanda, nola bada ez dut euskara ikasi behar?». Alaba ikastolan du, eta hango hizkuntza, beraz, egunerokoan pisu handia duen hizkuntza euskara denez, normaltzat eman du Delgadok hizkuntza ikasteari ekitea: «Alaba laguntzeko ere ikasten ari naiz euskara. Ez dezala entzun edo hitz egin ikastolan bakarrik. Uste dut etxeko giroan ere hizkuntzarekin harremana izatea oso beharrezkoa dela». Delgadok azaldu du lan mundurako ere oso baliagarri izango zaiola hizkuntza ikastea. «Gainera, oso harreman ona dugu gure artean. Kafe eta bazkari artean, praktikatzeko aukera ere baliatzen dugu! Zaila dela? Tira, gogoa baduzu eta ilusioa baduzu, edozer ikas daiteke, baita euskara ere!».
Dayana Riosek urtebete darama Lezon bizitzen. Nikaraguan jaio zen. Aipatu du hizkuntzak gustuko dituela, eta hango eta hemengo hizkeren jabe izatea aberasgarria dela. «Hemen bizita, normalena euskara ikastea dela uste dut gainera. Hizkuntzak kulturen adierazgarri nabarmenetakoak dira. Beraz, euskararekin bertako kultura eta ohituretara hurbiltzeko aukera izaten ari naiz». Euskaraz jakitea lanerako baliagarri ere izango zaiola adierazi du, baita lagunak egiteko nahiz herriko harremanak sendotzeko ere. «Lagunen arteko giroa dugu gelan. Horrela errazagoa da dena. Oso gustura etortzen naiz euskaltegira», nabarmendu du. Euskal Herrira etorri berri direnei urratsa egin dezatela eskatu die: «Has daitezela euskara ikasten. Ez dira damutuko. Pixkanaka-pixkanaka bada ere, ikasiko dute. Gogo eta nahi kontua da. Aski da nahi izatea aurrera egiteko».
Testigantza eman ondoren, zuzen-zuzen jarri dira zazpi ikasleak gelaren erdian argazkia ateratzeko. Beti irribarrearekin. Askotariko jatorrikoak dira denak, bandera asko ordezkatzen dituzte. Baina egun komunean dutena da bertan bizi direla, eta euskarak batu dituela. Ulertu dute hemen bizita bertako hizkuntzara ere jauzia egin behar dutela. ■