Lezoko Udalak 2025eko aurrekontuak onartu ditu
Atzo egindako osoko bilkuran, datorren urteko aurrekontuak onartu ziren. Mikel Arruti alkateak eta Iker Salaberria zinegotziak aurrekontu horien lanketa azaldu eta horien inguruko balorazioa egin dute gaur.
Atzo egindako osoko bilkuran, 2025eko Lezoko aurrekontuak onartu ziren. Udal gobernua “pozik” da proposatutako neurri sortarekin, eta Mikel Arruti alkateak eta Iker Salaberria zinegotziak aurrekontu horien lanketa azaldu eta horien inguruko balorazioa egin dute gaur udaletxeko pleno aretoan.
Aurrekontuak osatzeko lanketa ekainean hasi zuen udal gobernuak. Ekaina eta iraila artean herritar eta auzotarrekin bildu zirela kontatu du Arrutik, eta beren auzoetarako zituzten beharrak plazaratu zituzten saio horietan. Behar horiek identifikatuta, 2025eko aurrekontuetan txertatzen saiatu direla adierazi du alkateak.
Horrez gain, aurrekontuak lantzeko, testuingurua kokatzea “garrantzitsua” dela azaldu du Salaberriak. Hori dela eta, azken 10 urteetako aurrekontuen bilakaera aztertu du udal gobernuak, eta udal teknikariekin partekatu dituzte han jasotakoak. Azkenik, urte bukaerako aurreikuspenak ere egin dituztela aurreratu du udal zinegotziak, eta aukera izan dute ikusteko nola bukatuko duten 2024a.
Auzotarrekin elkartuta eta testuingurua kokatuta, aurrekontu proposamena gainerako alderdiei azaldu zieten, hau da, EAJri eta PSE-EEri. Arrutik onartu du pozik daudela jasotako “oniritzi” eta “babesagatik”. Udal gobernua aipatutako bi alderdiekin elkartu zen, eta haiekin negoziatu ondoren, beren abstentzioarekin onartu ziren atzo datorren urtera begirako aurrekontuak. “Gehiengo absolutua badugu ere, erakutsi dugu badugula negoziaziorako eta adostasunetara iristeko konpromisoa”, esan du alkateak.
Ondorioak
Azken 10 urteetako aurrekontuen errepasoa eginda, panorama nolakoa den ikusi dute, eta bost ondorio nagusi atera zituen udal gobernuak. Egoera hori aztertuta, lanketaren nondik-norakoak kokatu zituzten, eta bi ardatzen baitan jardun dira. Alde batetik, 2023-2027 Legegintzaldi Planeko erronkei erantzuten saiatu dira, hor ezarritako proiektuak aurrera ateratzeko.
Bestetik, udalaren finantza egitura “zaindu” behar dutela ikusi dute, aurrekontuek egoera “orekatu” bat behar dutelako. Bide horretan, sarrera arruntak “ahalik eta gehien hazteko” eta gastu arruntak “ahalik eta gehien doitzeko edo eusteko” erabakia hartu dute, hori egin ezean, aurrezkiak “gastatuz” eta “xahutuz” joan daitezkeelako. Sarrera arrunten handitzea zerga ordenantzan planteatutako eta onartutako igoerarekin lotuta dagoela zehaztu du udal zinegotziak. Salaberriak aipatutakoaren arabera, horren emaitza da 365.000 euroko aurrezki bat aurreikusi dutela, sarrera eta gastu arrunten arteko aldea izango litzatekeena. Aurrezki hori inbertsioetara bideratuko dutela jakinarazi du Salaberriak.
Partidak
Udalaren finantza egoera dela eta, aurrekontuak egiteko “mugak” izan dituztela aitortu du Arrutik. Aurrez aipatu bezala, 2025eko aurrekontuak Legegintzaldi Planaren norabidean jarri dituztela esan du alkateak. Arrutik, gehienbat, ongizate emozionaleko erronkan jarri du arreta. Egoera zaurgarrian daudenei laguntzeko, iazkoa baino 25.000 euro gehiagoko ekarpena egingo dute. Horrez gain, kale hezitzaileen lana balioan jartzeko, 40.000 euroko igoera proposatu dute alor horretan.
Erronka demografikoari dagokionean, eta jakinda gizarteak zahartzen ari direla, Lezo ere zaintza sistema berrietara egokitu behar dela zehaztu du alkateak. Esparru horretara 30.000 euro bideratuko dituzte.
Migratzaileen aferari erreparatuta, etorri berriei behar bezalako harrera egin eta arreta eskaini behar zaiela adierazi du Arrutik. Partida horren helburua da pertsona horiek “lehenbailehen” integratzea, haien inklusioa errazteko. Udalak harrera plan bat garatuko du, eta 18.000 euroko inbertsioa egingo da.
Gintxurizketa auzotik pasatzen den Gi-636 errepidean ere jarri du fokua alkateak, azken urteetan arazo asko sortu baititu. Gipuzkoako Foru Aldundiak herenegun onartu zuen eremu horretan behin-behineko pasabide bat egitea. Udalak ere pasabide seguru bat egiteko konpromisoa du. Arazoa “lehenbailehen” konpontzeko, 50.000 euroko diru partida bat jaso dute oinezko bide seguru bat eraikitzeko, auzotarren segurtasuna bermatuko duena.
Lezoko parkeen sarea kontuan hartuta, horren inguruko proiektu bat landu du udalak. Parkeak harremantzeko guneak dira, eta egindako prozesuan parkeak eraldatzeko hainbat proposamen egin zirela kontatu du Arrutik. Hori dela eta, Euskal Herria parkea estaliko dute, eta 97.000 euro bideratuko dira gune horretara.
Azkenik, Arrutik nabarmendu du Berdintasunean %30eko igoera egongo dela; eta euskaran, aldiz, Lezo Euskaragarri plana garatzeko, 14.500 euro bideratuko direla nabarmendu du alkateak.