Pasaiako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea gaur
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitu du elkarretaratzera gaur 19:00etan Clara Rangel plazan.
Clara Rangel plazan izango da elkarretaratzea. Nahikoa da! Hori da azken orduetan Oarsoaldean zein Euskal Herrian zabaldu den oihua. Leonor, 45 urteko emakumea hil zuen tiroz haren bikotekide ohiak larunbatean Pasai Antxoko Eskalantegi kaleko etxebizitza batean. Leonorren hilketa matxista, aurten Euskal Herrian izandako zazpigarrena da. Mundu bat bildu zen atzo Antxoko Biteri plazara Pasaiako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzera.
Gaur, herri askotan bilduko dira berriro Leonorren hilketa salatu, haren senide eta gertukoei babes osoa helarazi, eta indarkeria matxistarekin bukatu behar dela aldarrikatzeko. Horrela egingo dute Errenteria-Oreretan ere. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitu du gaur, astelehena, 19:00etan Clara Rangel plazan. Orain astebete jarri zioten izen hori Niessen merkatalgunerako sarbidea den plazari, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira; astebete exkaxean, indarkeria matxistak beste emakume bat hil du. 2003an kontaketa ofiziala egiten hasi zirenetik, 126 emakume hil ditu indarkeria matxistak.
Antolatzaileek herritar guztiak deitu dituzte bat egitera.
