Euskarazko irakurketa sustatzeko kanpaina martxan berriro
'Liburua opari' kanpainaren bidez irakurzaletasuna eta euskarazko literaturari bultzada ematea bilatzen du udalak. Txartelak Hizkuntza Politika departamenduan eskura daitezke.
Ederra da euskaraz irakurtzea, eta gauden urte sasoi honetan, merkeagoa ere bai, gainera. Izan ere, euskarazko irakurzaletasuna eta euskarazko literaturari bultzada emateko kanpaina martxan du azken urteetan Errenteriako Udalak: Liburua opari.
Aurten ere jarri du martxan, eta hala, txartela eskuratzen duten herritarrek %20ko beherapena izango dute euskarazko liburuak erosterakoan, betiere, Errenteria-Oreretako liburu dendetan erosten badituzte. Hartara beraz, helburu hirukoitza betetzen du udalak kanpainaren bidez, aurretik aipatutako biez gain, tokiko komertzioaren arlo bati bultzada ere ematen diolako. Herritarren poltsikoei mesede egiten diela ere ezin ahaztu.
Indarrean dago dagoeneko kanpaina eta 2025eko urtarrilaren 5era arte erabili ahalko da beherapen txartela. Txartel horiek berriz, Udalaren Hizkuntza Politika departamenduan eskura daitezke, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara hilaren 20a bitartean; herritar orok eskatu ahal du txartela.
Ikastetxeetan berriz, banaketa berezia egingo du udalak. Horren arabera, Errenteria-Oreretako Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetan banatuko ditu, haurren artean ere, irakurzaletasuna eta euskarazko sorkuntza literarioa sustatzeko.