Santiagomendin gozo
Xoxolurrek sasoiko hirugarren irteera igandean egin zuen, Santiagomendira. Hurrengoa 2025eko urtarrilaren 12rako prestatu dute.
Igandean, abenduaren 1ean, egin zuen Xoxolur Mendi Klubak sasoiko hirugarren irteera. 15 herritarrek egin zuten bat proposamenarekin. Garraio opublikoan Oiartzunera joan ziren, handik Done Jakue bidea hartu eta Astigarragako Santiagomendi gaina eurena egiteko. Oso urrutira ez ziren joan, eta igotako gaina baino askoz altuagoak ere gainditu dituzte. Baina gozo izan ziren, eguraldi egokia lagun. Astigarragako pilotalekuan bazkaldu eta jolasean ibili ziren martxa bukatutakoan.
Jada hurrengo irteera prestatzen hasi dira Xoxolurrekoak. Urtarrilaren 12an egingo dute sasoiko laugarrena, eta aldi berean 2025eko lehena izango dena. Ikasturte hasieran zabaldu zuten egutegiaren arabera Aralarrera joatekoak dira. Ea elurrik dagoen.