Eider Perez Aristizabal euskal presoa, baldintzapean aske
23 urte egin ditu preso. Martuteneko espetxean zen, otsailetik hirugarren graduan. Azken hilabeteak kontrol telematikoarekin egin ditu.
Eider Perez Aristizabal. Etxerat Euskal Preso eta Iheslarien Senide eta Lagunen Elkarteak jakinarazi du Eider Perez Aristizabal euskal preso oreretarra baldintzapean aske geratu dela. Hala erabaki du Espetxe Zaintzako Epaile Zentralak, Etxerat-ek zehaztu duenez. 23 urte egin ditu preso.
Martuteneko espetxean zen Perez. Aurtengo otsailean 3. gradua ezarri zioten, eta ekainetik, berriz, baliabide teklematikoen bidez bete du zigorra
Egun, lau euskal preso oreretar daude: Mikel Arrieta Llopis, Aitzol Gogorza Otaegi, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea eta Juan Manuel Inziarte Gallardo.
Arrietak gaixotasun larria du, 24 urte darama preso, eta etxean ari da betetzen zigorra hirugarren graduan; zigorraren 3/4ak beteak ditu. Gogorzak ere gaixotasun larria du, eta 24 urte darama preso: bigarren gradu arinduan da, eta etxean ari da zigorra betetzen.
Etxeberriak, ordea, 21 urte darama preso, Zaballako espetxean dago, bigarren graduan. Inziartek, azkenik, 15 urte daramatza preso, eta egun Martuteneko espetxean dago, bigarren graduan; hirugarren gradutik bigarrenerako erregresioa ezarri zion fiskaltzak iaz helegitea jarri ondoren, eta espetxera sartu zuten berriro. Aurten bete ditu ezarri zioten zigorraren 3/4ak
