Gipuzkoako Gabon Abesti Sariketaren 78. ekitaldia, hilaren 28an
Ereintza Elkarteak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatutako lehiaketa Lekuona Fabrikan egingo da, 18:30etik aurrera. Gazte eta helduez osatutako 8 abesbatzek hartuko dute parte.
Ereintza Elkarteak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak Gipuzkoako Gabon Abesti Sariketaren 78. ekitaldia antolatu dute hilaren 28rako, Lekuona Fabrikan. 12:30ean, Horra, horra! Eguberriko belaunaldiarteko kontzertua egingo da.
18:30ean, aldiz, 78. Gabon Kanta lehiaketa egingo da Lekuonako areto nagusian. Arratsaldeko saio horretan gazte eta helduez osatutako 8 abesbatzek euskarazko bi gabon kanta abestuko dituzte. Beasaingo Loinaz, Gasteizko Ahots Argiak, Beriaingo Goizalde, Donostiako A Tempo eta Gau Korua eta Errenteria-Oreretako Gazte-Kemena, Galtzagorri eta Garrintzi dira lehian arituko diren 8 abesbatzak. Arratsaldeko emanaldiaren atsedenaldian, gainera, Ainhoa Aierbe eta Tessa Andonegi aktoreek Euskal musikarekin kontuz!!! umorezko ikuskizuna eskainiko dute.
Sarrera orokorrak 4 euroko prezioa du, eta bi modutara eskura daiteke: online edo Lekuona Fabrikan zein Aldakonean. Ereintza Elkarteko kideen eta 15 urtetik beherakoen sarrerak, aldiz, doakoak dira, baina gonbidapena beharko dute Lekuonara sartzeko.