Patri Urkizu Sarasua hil da
Irakaslea, idazlea, Filologia Erromanikoan lizentziatua, Euskal Filologian doktore, kirolaria, Lezoko alkate izandakoa... Hutsune handia utzi du Lezon eta euskal kulturan.
Irakaslea, idazlea, Filologia Erromanikoan lizentziatua, Euskal Filologian doktore, kirolaria, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendari, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari eta euskaltzain urgazlea, Lezoko alkate izandakoa (1979-1983, Lezoko Independienteak alderdiarekin)… teatroa eta bertsogintza izan dira bere lurraldeak batez ere. Gaur hil da Patri Urkizu Sarasua (Lezo 1946-2024). Euskal kulturgintzaren esploratzaile eta eragile, aitzindari arlo askotan, euskararen bidetik sormenaren eta hizkuntzak ezezagun zituen kultur arloen konkistatzaile nekaezina. Baina denaren aurretik, lezoarra. Euskaltzale lezoarra. Galera handia euskal kulturgintzarentzat. Eta Lezorentzat.
Kaleratu zuen azken lana Eskribu galduen bila, autobiografia eta kultur kritikak izan zen, 2023ko abenduan. 600 orrialdeko lana da, bizitza oso baten kronika antzekoa, laburtu ezin daitekeen emari baten tantaz tantako sorkuntza, biografia, bizitza oso bateko apunteen bloka, Lezoren bilakaeraren kronika, bidaiak, pasadizoak… “Lehengo kontuak jakiteak ez digu kalterik egingo”, azaldu zuen Urkizuk lan hura aurkezteko ekitaldian, Lezon. Jakinduria zabaltzea, banatzea, betikotzea izan baitzen haren misio eta bokazioa. Inork inoiz egin ez zituenak bilatu, jaso, eta euskararen unibertsora zabaltzea. Poesia eta narrazioaren esparruetan Dorrejilko kanta (1977), Zeren azken finean (1984), Zoazte hemendik (1995) edota Suaren froga (2021) lanak izan daitezke haren argitalpen nabarmenenak.
Jarraian, Eskribu galduen bila, autobiografia eta kultur kritikak lana Lezon aurkeztu zueneko bideoa ikus daiteke “Izenak aipatzen hasi, eta ez nuke bukatuko!”, esanez hasi zuen Urkizuk bere mintzaldia. “Mende erdiko lan hau ezina izanen zitzaidan burutzea adiskide onen laguntzarik gabe, eta, azken berrogei urte hauetan, Marga Rica nire emaztearen laguntza ezin hobea gabe. Harentzat da besarkadarik eztiena”. Bete egin zen udaletxeko areto nagusia orduko hartan. Maite dituenak izan zituen ondoan, familia, lagunak, lezoarrak. Denak.
Beti xumetik. Soinu askorik egin gabe. Baina bisio zabal eta osoarekin. Joxe Juan Ugalde kazetariak elkarrizketa egin zion Urkizuri, HITZAn publikatu zen aurtengo otsailean. Lehen galdera-erantzunetan, Urkizuren ekinaren berri jaso zuen kazetari lezoarrak:
Lezoko Gurutze Donearen plazan izan dituzu etxea eta literatura lantegia. Etxe horretatik ondo entzuten dira udaletxeko erlojuaren doinuak. Zure alkate garaikoak dira.
Pentsatu genuen zerbait behar genuela jendea esnarazteko. Gauean ez, gaua lotarako. Goizeko zortzietan hasten ziren doinuak.
Lezoko Independienteak taldeko zerrendaburu izan zinen eta alkate 1979tik 1983ra. Garai zailak.
Garai gogorra izan zen. Asko ikasi genuen. Aurrez institutuko irakasle izan nintzen. Mundua ez da irakaskuntza soilik. Udaletxe batean gai asko tratatzen dira. Herriko beharrei ahalik eta modurik xume, apal eta emankorrenean erantzuten saiatu ginen.
Euskara, literatura eta irakaskuntzatik etorritako alkate izanik, berehala ezarri zenuen zure marka.
Bai, euskararen erabilera eta itzulpen zerbitzua. Euskal Herriko lehendabiziko itzultzaile ofiziala Lezon izan genuen. Euskaltzaindia epaimahaian zelarik, gure ustez hoberena zenari eman genion itzultzaile plaza: Lezoko neska argi eta euskara dotorea zuen Miren Pikabea Lertxundiri.
Bere obra osoa jasotzen duen webgunea zabaldu zuten 2021eko apirilean. Patxi Intxaurrandietaren laguntza izan zuen hori egiteko. Harro zen Urkizu era digitalean ere hark egindako gehienak bilduta, sailkatuta, eta edonoren esku zeudelako. Gaixotasun baten kontrako borrokan izan da azken urteetan. Hala ere, ez dio sortzeari utzi, ez da geldirik izan. Beti izan du ekiteko ahalmena. Hala laburbildu zuen haren obra Urkizuk, Joxe Juan Ugaldek egindako elkarrizketan hala jasota:
Zenbat liburu idatzi dituzu?
Ez dakit. Badira batzuk artikulu gisa 60 bat orrialde dituztenak eta liburu modura atera daitezkeenak. Webgunean, esate baterako, 20tik gora PDFtan eta Argitaragabeak izeneko sailean beste 20 bat liburu daude. Guztira ia 300 idazki dira, liburuak, artikuluak eta besteak sartuta. Erabaki nuen webgunea sortu behar nuela lan guztia jasotzeko. Patxi Intxaurrandietak eta bizkaitar gazte batzuek lagunduta patriurkizu.eus webgunea sortu nuen 50 urteko ibilbidea txukun jasotzeko. Gerora Lezoko Udalak hartu du espazio horren gobernua patriurkizu.lezo.eus helbidea jarrita.
Urkizuri oles egiteko erarik onena haren obrara hurbiltzea da. Haren unibertsoan arakatzea, jakiteko egungo euskal kultura ez zela berbera izango lezoarraren emariagatik ez balitz. Eskerrik asko, Patri.