Mikel Arruti: "Patrik egindako lana guretzako ispilu da"
Patri Urkizu Sarasua Frankismoaren ondorengo Lezoko lehen alkatea zendu da. Urkizu 1979tik 1983ra izan zen herriko alkate, Lezoko Independenteak alderdiarekin.
Patri Urkizu Sarasua Frankismoaren ondorengo Lezoko lehen alkatea zendu da. Urkizu 1979tik 1983ra izan zen herriko alkate, Lezoko Independenteak alderdiarekin, eta bere agintaldia herritarren beharrizanetara egindako “hurbiltasunagatik” eta “arreta etengabeagatik” nabarmendu daitekeela adierazi du Lezoko Udalak.
Lezok herriko seme kuttun bati agur esan dio, eta Mikel Arruti Salaberria alkateak aitortza eta miresmen hitzak helarazi nahi izan dizkio Urkizuri: “Patrik, bere alkate lanetan, garbi utzi zuen herritarren alkate baino gehiago, haien ordezkaria zela. Bere gertutasuna eta apaltasuna nabarmenduko nituzke. Patrik egindako lana guretzako ispilu da”.
Urkizu Lezoko historian eta kulturan “funtsezko” pertsona bat izan dela baietsi du udalak. Bere jarduna herriaren aldekoa izan zela zehaztu du udal erakundeak, “betiere Lezoko euskara, kultura eta ohiturak aurrera eramateko helburuarekin”. Alkate izan aurretik, Lezoko hezkuntzan eta kulturan parte hartze “aktiboa” izan zuela gogorarazi du udalak, eta herriko gizartearen garapenean egindako ekarpenak “funtsezkoak” izan zirela esan du. Bere agintaldiaren ondoren, hezkuntzan eta kulturan urte asko eman zituela oroitu du udalak, “euskararen eta literaturaren alde lanean”.
Urkizuk lan literario “oparoa” utzi duela nabarmendu du udal erakundeak, hainbat saiakera, poesia eta narrazio biltzen dituena. Bere azken liburua Eskribu galduen bila. Autobiografia eta kultur kritikak izan da, eta Lezoko Udalean aurkeztu zuen iazko abenduan. Lan horrek Lezoko historia eta bere bizitzako pasarteak jasotzen ditu 600 orrialde luze zabaletan. Horrez gain, euskal literaturan eta kulturan egindako ikerketetan “aitzindaria” izan zela goratu du udalak, euskal antzerkian eta bertsolaritzan egindako lanekin.
Bere ibilbideak unibertsitatean eta ikerketan ere isla izan zuela nabarmendu du udal erakundeak. Salamancako Unibertsitatean Euskal Filologian ikasketak egin zituen, Koldo Mitxelena eta Fernando Lazaro bezalako irakasleekin. Ondoren, UNEDen eta Peñaflorida institutuan euskal literatura eta euskara irakatsi zituen. Halaber, euskararen normalizazioan egindako lanarekin eta euskara batuaren sorrera prozesuarekin lotutako gogoeten partaide ere izan zela gogorarazi du udalak.
Urkizuren heriotzak Lezoko eta euskal literaturan “hutsune handia” utzi duela adierazi du Lezoko Udalak, “baina bere lanak bizirik iraungo du beti, gure kulturaren eta hizkuntzaren parte garrantzitsu gisa”.