Kultur emanaldi mordoa 2025ari ongietorria emateko
Lezoko Udalak 2025eko urtarriletik maiatzera bitarteko kultur programazioa aurkeztu du gaur. Orotara, 45 ekitaldiz osatutako egitaraua ondu dute.
2025a ate joka dago, eta Lezoko Udalak dagoeneko prest du urtarrila eta maiatza bitarteko kultur agenda. Kultur programazioa indartsu lurreratuko da Lezon datorren urtean, 45 ekitaldiz osatutako egitaraua ondu baitu udalak. Gaur aurkeztu dituzte programazioaren xehetasunak Jon Legorburu Kultura zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak.
Atzo Patri Urkizu Frankismo ondorengo Lezoko lehen alkatea eta euskal idazlea zendu zen. Gaur Lezoko kultur agenda aurkeztu dute, eta Legorburuk adierazi du Lezon kultura hitza ezin dela Patri aipatu gabe erabili. Agerraldia Urkizuren ibilbidea goraipatuz hasi du Kultura zinegotziak.
Udalak osatu duen kultur agenda anitza eta askotarikoa dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Orotara, 45 emanaldiz gozatu ahal izango dute lezoarrek eta herrira etortzen direnek. Hurrengo hilabeteetako menua, honakoa: 9 haur jarduera, 6 zinema emanaldi, 2 dantza ikuskizun, 11 antzezlan, 8 ipuin kontaketa, 5 literatur saio eta Lesoinuren 6 emanaldi. Lehen ekitaldia urtarrilaren 5eko pailazoen ikuskizuna izango da. Bekoerrota kiroldegiak jasoko du Ostirala iritsi da! izeneko emanaldia, 12:00etan.
Askotariko jarduerak topatu badaitezke ere, bi nabarmendu ditu Valek. Otsailaren 2an, Ondoko antzerki konpainiak Un elogio sobre la vejez antzezlana taularatuko du Gezala Auditoriumean, 19:30ean. Donostiako antzerki talde bat da, eta berezitasun nagusiena da 72 eta 94 urte artekoak direla kide guztiak. Valek adierazi du ikuskizuna “hunkigarria” dela, “zoragarria” baita adineko jendea gogoz ikustea arte eszenikoetan murgilduta.
Bestalde, apirilaren 11n, Garbiñe Insausti abeslari eta aktoreak eta Iñaki Salvador pianistak Hegoak izeneko kontzertua eskainiko dute Gezalan, 19:30ean. Hori ere balioan jarri du Valek. Horrez gain, Orratx!-en antzezlanak ere goratu ditu, horiekin bukatuko baita urtearen lehen erdiko kultur agenda. Martxoaren 8aren bueltako Feminissimak galiziarren antzerki emanaldia ere goraipatu du Kultura teknikariak. Antzezlan hori martxoaren 9an izango da, Gezalan. Azkenik, Olvido Flores ardatz duen ikuskizuna ere nabarmendu du Valek. Urtarrilaren 26an izango da, Gezalan, eta memoria historikoaren ingurukoa dela baietsi du udal teknikariak.
45 kultur ekitaldien artean izaera ezberdinekoak topatu daitezkeela adierazi du Valek. Adin tarte ezberdinei begirako emanaldiak prestatu dituzte, eta herritar guztiek aurkituko dute haien gustukoa izango den ekitaldiren bat. Azkenik, emanaldi guztiak herriko gune ezberdinetan izango direla aurreratu du Kultura teknikariak; esaterako, musika eskolan, Gezalan edota liburutegian.
Udal egutegiak
Legorburuk jakinarazi du azken egunetan jende andana pasa dela udal eraikinetatik 2025eko egutegia eskatzera. Herritarrak, bada, zorioneko daude, udalak bihar (hilak 20, ostirala) jarriko baititu datorren urteko egutegiak lezoarren eskura, kultur eta udal bulegoetan. Kultur agenda fisikoa ere bihartik aurrera eskuratu ahal izango da.