Usoen populazio dentsitatea murrizteko lanak egingo dituzte Lezon
Alde Zaharrean egingo dituzte lanak batez ere. Kaiolak jarriko dituzte usoak harrapatzeko.
Lezoko Udalak iragarri du herriguneko usoen populazioaren dentsitatea lanak murrizteko lanak egingo direla, abenduaren bukaeratik aurrera. Harrapaketa lanak egingo dituzte, kaiolen bidez, aurrez identifikatu diren hainbat eraikinetan. Enpresa batek egingo ditu lanak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena dute.
Aurrez egindako azterketa batean oinarritu dira herriguneko hainbat tokitako usoen dentsitatea handia dela ziurtatzeko. Batik bat Alde Zaharrean izango dute eragina usoen kopurua murrizteko lanek. “Dentsitatea handiegia da, eta premiazkoa da neurriak hartzea”, zehaztu dute udaletik. Edonola ere, harrapaketa horiek epe motzerako neurri bezala planteatzen dira, “epe luzerako konponbidea lortzeko ezinbestekoa izango da usoek babesa eta elikagaiak aurkitzen dituzten tokietan ere jardutea”.
Udalak herritarrak eskertu ditu, laguntza eman dutelako eta gaiaren garrantziaz jabetu direlako. “Lan hauen helburua da herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta herrigunean oreka ekologikoa berreskuratzea”, adierazi du udalak.