Luzuriaga, eraldaketarako prest
Eraikin historikoa birgaitzeko obren lehen faseari argi berdea eman zion plenoak abendu bukaeran, aho batez. 6 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du proiektuak.
Pasaiako Udalak argi berdea eman dio Luzuriagako obren lehen faseari. Antxoko bulego eraikin hori “kulturgune” bihurtzeko asmoa duen proiektua eta horren kontratazio espedientea onartu zuten abenduko plenoan, aho batez gainera. Proiektu honekin Antxoko eraikin enblematikoa “herriko ehun sozial eta kulturala biziberrituko duen ekipamendu kultural” bilakatu nahi du udalak.
Mikel Garcia Antxoko alkateordeak aitortu du “gobernuak nahi izango lukeena baino motelagoa” izan dela prozesua. Garciaren arabera, urtebete igaro da eraikinaren lehen aurkezpen publikoa egin zutenetik. Ordutik, besteak, beste, Espainiako Kultura Ministerioari luzapena eskatu zioten inbertsioa egin ahal izateko, eta Donostiako Udalak obra lizentzia eman arte ezin izan dutela aurrerapausorik eman azaldu du.
Esku hartzearen lehen faseak 6.259.994,25 euroko lizitaziorako oinarrizko aurrekontua izango du. Lanetarako 14 hilabeteko epea ezarri dute. Egingo dituzten lanen artean, barne egituraren zati bat eraitsiko dutela aurreratu dute, eta zenbait egitura egonkortuko dituztela. Zimenduak jarri, metalezko egitura berriak sortu eta eraikina iragazgaiztu eta isolatuko dute. Inguruak urbanizatzeko lanak ere aurreikusi dituzte.
Eraldaketa honen helburua “argia” dela erantsi du alkateordeak: “Luzuriagako eraikina Pasaiako komunitate nortasuna indartuko duen kultura topagune bihurtzea”.