Pasaiako merkatariek bi erakusleiho berri dituzte
Laurak Bat elkarteak eta udalak elkarlanean, bi pantaila jarri dituzte Antxon eta Trintxerpen. Hauetan, informazioa, ordutegiak, promozioak eta oharrak kontsulta daitezke, besteak beste.
Tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzek asmoz, Laurak Bat elkarteak eta udalak bi informazio pantaila jarri ditu. Zehazki, Trintxerpeko alkateordetzako fatxadan aurki daiteke horietako bat, eta bestea, Antxoko Biteri plazan. Hauetan lau barrutietako merkataritzari buruzko informazioa, ordutegiak eta promozioak irakurri ahal izango dira. Oharrak, albisteak eta bideoak ere proiektatuko dituztela aurreratu du udalak.
Laurak Bat-eko presidente Mari Carmen Mongilnickik aitortu du elkarteak “ilusioz” jaso duela egitasmoa: “Pantaila berriak erakusleiho handiak dira, eta gure herriak eskaintzeko duen guztia hobeto ikusteko aukera emango dute. Ekimen honen bidez, indartu egiten da hurbileko merkataritza bultzatzearen alde egin dugun apustua. Ziur gaude proiektu honi esker eragin positiboa lortuko dugula, eta horrek gure merkatariei eta bizilagunei mesede egingo diela”.
Urte berri honetan Donibanen eta San Pedron ere pantaila bana jartzeko asmoa duela adierazi du Mikel Garcia Peñil Merkataritza saileko zinegotziak.