Pasaia, urtarriletik ekainera bitarte kulturaz blai
Datozen 6 hilabeteetarako kultur egitaraua aurkeztu du Pasaiako udalak: antzerkia, musika, zinema, dantza, hitzaldiak, ipuin kontaketak eta kultur topaketak aurreikusi dituzte.
Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotzia, Laura Ré Euskarako zinegotzia, Alazne Mendikute Kulturako dinamizatzailea, Garbiñe Eizagirre Pasaia Musikaleko ordezkaria, Iurre Aranburu Pasaiako Dantza Festibalaren ordezkaria, Itziar Goienetxea Bixi-Bixi elkarteko kidea eta Unai Otxotorena Zinema Txikiaren antolatzailea elkartu dira Pasaiako udaleko kultur egitaraua aurkezteko. Urtarrila eta ekaina bitartean, antzerkia, zinema, musika, dantza, hitzaldiak, ipuin kontaketak eta bestelako kultur topaketak herritarren eskura jarriko dituzte.
Eskaintza oparoa aurreikusi dute, adin eta interes anitzeko pasaitarren gozamenerako. Egitarauaren berri emateko, esku-orria etxez-etxe banatuko da, udaleko webgune eta sare sozialetan ere datak zein ordutegiak kontsulta daitezkeen arren. Jardueretako asko doakoak badira ere, dagoeneko sarrerak salgai daude bibe.me plataforman.
Alorrez alor, nabarmentzekoak hauexek:
Musikari dagokionez, Kontu kantari Pasaiako solasaldi musikatuek jarraipena izango dute: Esti eta Mikel Markez, Gontzal Mendibil eta Idoia Asurmendi herrira bertaratuko dira. Trintxerpeko IV. Kantu Astea, Ganbera Musikaren XII. zikloa eta III. Aste Korala ere ospatuko dira, Musikaz Blairen aterkipeko ekimenaz gain.
Antzerki emanaldien artean, Golden Apple Quartet-en Vamos que nos vamos lana nabarmentzekoa da, taldearen azken bira dela-eta. Ibrahima Baldek kontatu eta Amets Arzallusek idatzitako Miñan ezaguna ere bertan izango da, baita Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreen Arizona edota Vaiven Producciones-en El Patio de las Moreras ere.
Etxeko txikienentzat, aipatzekoak dira martxoa eta maiatzean zehar herriko liburutegietan antolatuko diren ipuin-kontaketak, baita Zinema Txikiko lau emanaldi ere.
Maiatza hilabete berezia izango da, Euskaraldiak herria hartuko baitu 15etik 25era bitartean. Horri lotuta egingo diren ekimenak aurrerago aurkeztuko ditu udalak, horretarako antolatutako prentsaurreko batean.
Jai giroan, Iñude eta Artzainek dantzaz alaituko dute herria, eta ekainaren 5etik 8ra Pasaiako Dantza Festibalak (PDF) hartuko ditu Antxoko plazak. Oraindik ez dago egitarau zehatzaren berri ematerik, data aurreratu ahala plazaratuko dute PDFko ordezkariek.