Barakaldoko hilketa matxista salatzera deitu du Pasaiako Udalak
Gaur arratsaldean Errenteria-Oreretan egingo duten elkarretaratzera deitu dituzte pasaitarrak. 19:00etan bilduko dira.
Joan den ostiralean (hilak 3) 84 urteko emakume bat hil zuten Barakaldon (Bizkaia). Haren sema espetxeratu zuten, andrea hil izana leporatuta. Hilketa honen harira, hainbat mobilizazio iragarri dituzte gaurko Euskal Herriko hainbat herritan. Pasaiako Udalak ere bat egin du deialdi horrekin, eta adierazpen bat kaleratu berri du erakundeak, ordezkaritza duten talde guztien izenean.
Hilketa irmoki gaitzetsi eta emakumearen senide zein gertukoei elkartasuna adierazteaz gain, gaur arratsaldean Errenteria-Oreretan Mugimendu Feministak egingo duen elkarretaratzearekin bat egin dute talde guztiek. Bertaratzeko deia egin diete pasaitarrei. “Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartearn onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”, esan dute adierazpen honetan.
Clara Rangel plazan bilduko dira gaur, 19:00etan.