Errausketaren aurkako borroka, karteletan
Erraustegiaren historia grafikoaren bitartez borroka horren eboluzioa erakusten du erakusketak. Landetxen egongo da, hilaren 14tik 27ra.
Errausketaren aurkako mugimenduak Kartel Erakusketa Ibiltari bat sortu du erraustegiaren historia grafikoaren bitartez borroka horren eboluzioa erakusteko. Duela 21 urte sortu ziren Gipuzkoako Erraustegia proiektuaren aurkako zenbait gizarte eragile, eta “urteak aurrera egin ahala eta borrokak lotzen zihoazen neurrian lortu genuen elkarlana sendotzea eta indartzea”, dio mugimenduak.
Mugimenduak ohar baten bidez zehaztu du urte asko direla borroka horretan dabiltzala eta mota askotako ekintzak bideratu dituztela: manifestazioak, elkarretaratzeak, hitzaldiak, Herri Ekimen Legegilea, gose grebak… Hots, gogorarazi dute hasieran, 2003 eta 2007. urteen artean, bi proiektu zeudela mahai gainean; Txingudiko erraustegia bata eta Donostialdekoa bestea. Gaur egun Zubietakoa da martxan dagoen bakarra.
Guzti horren berri emateko sortu dute Kartel Erakusketa Ibiltaria, eta Gipuzkoako herrietan barna ibiliko da berau. Landetxen hilaren 14tik 27ra egongo da ikusgai.