Lehen mailako eskubaloia, Pasaian
Gizonezkoen euskal selekzioaren eta Txileren arteko partida jasoko du igande honetan herriak. Hilaren 14an hasiko den Munduko Txapelketa prestatzeko baliatuko dute partida txiletarrek.
Igande honetan (hilak 12) lehen mailako eskubaloi partida bat jasoko du Donibaneko Larrabide kiroldegiak. Gizonezkoen euskal selekzioak Txile izango du aurrez aurre nazioarteko partida honetan. 17.30ean hasiko da partida. Hilaren 14an (asteartea da) Kroazia, Danimarka eta Norvegian hasiko den Munduko Eskubaloi Txapelketa berotzeko probestuko dute norgehiagoka txiletarrek.
Partida Donibane Eskubaloiaren eta Pasaiako Udalaren arteko elkarlanaren emaitza da. Kirol saileko zinegotzi Julen Rodriguezek “aukera paregabe” honetaz gozatzera deitu ditu pasaitarrak. Gogorarazi du kiroldegiak 800 lagunentzako edukiera duela: “Maila handiko jokalariak izango ditugu Pasaian eta euskal selekzioaz gozatzeko hitzordu berezia izango da. Gainera, atsedenaldian zenbait emanaldi izango dira”, aurreratu du Rodriguezek.
Sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira, 3 euroan, leihatilan bertan. 12 urte beherakoek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.